Larunbaterako antolatu du Sortuk Baietza sortzen izeneko ekitaldia, eta gaur jakinarazi du nazioarteko ordezkari ugarik hartuko dutela parte. Gorka Elejabarrietak eta Elena Belokik azaldu dutenez, "ezker abertzaleak ziklo berri bati hasiera emango dio Euskal Herrian eta nazioarteko aliatuen eskutik”.
Miribillan izango dira Sebastien Quenot Talamoniren kabineteko zuzendaria, Camilo Cejas Uruguaiko MLNko zuzendaritzako kidea, Graciela Garcia MLNko militante historikoa, Luis Alberto Alban FARCeko bozeramaile ohia, Hamdan Al Damiri FPLPko Europako ordezkaria, Yamil Kasem FLDPko Komite Zentraleko kidea, Adem Uzun Kurdistango Kongresu Nazionaleko Zuzendaritzako kidea, Elias Velasquez FSLNko Idazkaritzako ordezkaria, William Hernandez FMLNko kidea eta Diego Gomez Fronte Polisarioko ordezkaria. Nazioarteko ordezkaritza horren izenean, bi lagunek hartuko dute hitza: Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako lehendakariak eta Michelle O’Neill Irlandako Sinn Feineko lehendakariordeak.
Belokik esan duenez, ETAren amaiera eta Euskal Herrian ireki den "aro berria" nazioarteko testuinguruarekin "erabat lotuta" daude: "Nazio askapeneko mugimendu gehienek geurearen antzeko trantsizio prozesuak bizi izan dituzte edo bizitzen ari dira". Haren hitzetan, prozesu horiek guztiek "bide ezberdinak" segitu dituzte eta bakoitzak "berezko ezaugarriak" ditu, "baina elkarri begiratzen diote, eta elkarri lagundu ere bai".
Aipamen berezia egin die Sahara, Kurdistan eta Palestinako herriei: "Herri horietako nazio askapeneko mugimenduek behin eta berriro elkarrizketa eta akordioan oinarrituriko konponbide prozesuak hobetsi dituzten arren, gaurdaino jaso duten erantzuna ez da beharko lukeena izan".