Ekineko eta Segiko kide izatea egotzita, bederatzi nafarren kontrako epaiketa hasiko da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen.«Talde terroristako kide» izatea egozten die guztiei Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du zortzi lagunentzat eta hamarrekoa batentzat.
Maider Caminosentzat eskatu du hamar urteko zigorra, eta zortzikoa Alberto Lopezentzat, Aritz Azkonarentzat, Mikel Jimenezentzat, Luis Goñirentzat, Xabier Sagardoirentzat, Maitane Intxaurragarentzat, Noe Lopezentzat eta Amaia Legarrarentzat. 2008ko abuztuan hasitako polizia operazioan atxilotu zituen gehienak Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazio aldian torturak, presioak eta mehatxuak jasan zituztela salatu zuten. Azkona eta Jimenez atxilotzen ere saiatu zen Guardia Zibila, baina bi horiek ez zituzten etxean topatu. Geroago, beren kabuz aurkeztu ziren Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta eskaileretan atxilotu zituzten kaleko jantzitako guardia zibilek. Espetxeratu egin zituzten. Intxaurraga, Lopez eta Legarra ez beste guztiak preso dauzkate oraindik.
Eskubide zibilen kontra
«Askatasun eta eskubide zibilen kontrakoa» da epaiketa hori, Eleak mugimenduak salatu duenez. Izan ere, nabarmendu dutenez, epaituko dituzten lagunei «jarduera politikoa betetzeko akusazioarekin» egotzi nahi diete talde armatuko kide izatea.
«Oso larria iruditzen zaigu estatuek arerio politikoaren kontra atxiloketak, epaiketak eta kartzela erabiltzen segitzea». Epaiketa horiek «iraganeko formulak» direla uste du Eleak mugimenduak, eta mina eragin dutela azpimarratu du. Horregatik, halako epaiketak bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Estatuari. Militante politikoen kontrako prozesu guztiak geldiarazteko eta horien ondorioz espetxeratutako guztiak askatzeko eskatu dute.
Auzipetuek babes handia jaso dute egunotan. Eleak mugimenduak antolatutako mobilizazioetan milaka lagun atera dira kalera, eta, horretaz gain, epaituen herrietan elkartasun mozioak aurkeztu dituzte. Olatzagutian, esate baterako, PSNko bi zinegotzik ere mozioen aldeko botoa eman zuten.
Babes hori epaitegian ere ikusiko da gaur. Auzipetuen senitartekoak eta lagunak ez ezik, hainbat eragile ere joango dira Madrilera. Esate baterako, Maiorga Ramirez eta Bikendi Barea Bilduko legebiltzarkideak, Txelui Moreno ezker abertzaleko kidea, Consuelo de Goñi NaBaiko Barañaingo zinegotzia eta Xabier Barber ESK-ko kidea joango dira, eta adierazpenak egingo dituzte.
Bederatzi nafar epaitzen hasiko dira, Ekin eta Segiko kide izatea egotzita
Gaur hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta ostiralean da amaitzekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu