EEP Euskararen Erakunde Publikoak 3.410.800 euroko aurrekontua ukanen du aurten, sekula baino handiagoa. Iazko aurrekontua 3,056 milioi eurokoa zen. Bederen %10 emendatuko da aurtengoa. Izan ere, behin-behineko aurrekontua baino ez da EEPren administrazio kontseiluak onartu berri duena. Kontuan hartzeko bigarren elementu garrantzitsua aurrekontua osatzeko moldea izan da. Lehen aldiz EEPren ibilbidean, Estatuak, Akitaniako Kontseiluak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak ez dute diru kopuru bera jarriko, orain artean erabili izan duten barne oreka bazterrera utziz.
Horrela osatuko da aurrekontua. Estatuak 740.000 euro jarriko ditu, Akitaniak 800.000 euro, departamenduak 860.000 euro, Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak 255.450 euro eta Hautetsien Kontseiluak 2.850 euro. Orotara 2.658.300 euro. Aurrekontu erantsia bozkatzen duelarik, Akitaniak onar dezake 60.000 euroko ekarpen gehigarria egitea, EEPko partaideen ekarpena 2.718.300 eurokoa bihurtuz.
Frantziak ekaina baino lehen ebatziko du 2011rako ekarpena, Euskal Herriko Lurralde Kontratuaren epealdi erdiaren azterketa eginen duelarik.
Eusko Jaurlaritzak 520.000 euroko ekarpena eginen du, horietako 470.000 euro funts bateratua osatzeko, 40.000 euro irakurketa publikoa sustatzeko eta 10.000 euro EITBren sustapen kanpainarako. Aurrekontua osatzeko falta diren 232.500 euroak diru sarrera erantsietatik lortuko direla dio EEPk.
Irristada prozeduran
Bitxia izan arren, euskalgintzako gizarte eragileei banatuko dien funtsa behin-behineko aurrekontua onartu baino lehen jakinarazi du EEPk, menturaz Eusko Jaurlaritzarekin finkatu protokoloak beharturik. Baina puntu ugari airean utzi ditu EEPren administrazio kontseiluak. Izan ere, 2011-2016 seiurtekoa abiatzeko unean aldaketak egin behar zituen EEPren barruan. EEP sortu zelarik, haren presidentetza txandakakoa izanen zela jakinarazi zuen Brissonek. Aldiz, epealdi berriaren ibilmoldeari presidente gisa ekin dio, jakinarazi gabe orain arteko iragarpena atxikiko den edo EEPren buruan segitzea onartu duen administrazio kontseiluak.
Aurrekontuetan kopururik handiena ezarri duen partaidea departamendua izan da, eta Max Brisson da haren ordezkaria EEPn. Erakundearen buruan aldaketa egonen balitz eta kantonamenduetako hauteskundeek aldaketa handirik eraginen ez balute, Frantxua Maitia Akitaniako kontseilariak hartu beharko luke presidentetza. Kanpotik so eginez, bederen adierazgarria litzateke Pauek baino ekarpen txikiagoa egin duen erakundeko ordezkaria izatea presidente berria. Funtsa osatzerakoan ikusi den oreka hausturak gisa horretako gogoetei atea irekitzen die, eta otsailera iritsita, EEPk ez du prozedura argitu. Ontsalaz, aurrekontua eta sei urterako ibilmoldea joan den abenduan ebatzi behar zituen. Irakurketa horiei bidea itxi nahirik, erakundeen arteko elkarlana eta adostasuna erabatekoa dela diote Brisson eta Maitiak.
Aipatu aurrekontua nabarmen emendatu bada ere, gizarte eragileek hizkuntza politika burutzeko jasoko duten diru partida iazkoa izanen da. Eragile nagusiek 1,2 milioi euro jasoko dituzte eta eragile pribatuei egindako deialdian, 400.000 euroko funtsa banatuko du EEPk. Airean daude oraindik hainbat xede, adibidez, nola ordainduko diren Seskak eraiki behar dituen lizeoa eta kolegioak edo egoitza nagusia.
Emendatu den sailik baldin badago, EEPren egiturarena izan da. 140.000 euro baliatuko dituerabilpen arloko langileak ordaintzeko, 117.000 euro transmisioaren arlokoak ordaintzeko, 120.000 euro animazio eta zurgaitz sailetakoen ordainketetarako eta 398.000 ibilmoldea bermatzeko, xahutze eta langileak barne.
Bederen %10 emendatuko da EEPren aurtengo aurrekontua
Lehen aldiz Estatuak, Pauek eta Akitaniak ez dute diru kopuru berbera jarriko, oreka hautsiz eragileen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu