Zorroztasuna ekarri du Bolognako prozesuak unibertsitateetara aurten. «Ikasleei gehiago eskatu zaie: ez du balio erdi libre egitea ikasketak, gogorrago jarri da eskoletara bertaratzearen auzia». Baina ezin izaten dira guztiak joan. «Ikasketak, lana edo familia nola bateratu, hori genuen erronka». Pello Urkidi zuzendaria da EHUren Donostiako Irakasle Eskolan. Hara, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan eman duten soluzioa: aurrez aurreko eskola batzuekin uztartuta, Internet bitartez egin ahal izatea ikasketak. «Behar sozial bati erantzuten diogu», adierazi du Urkidik.
Maisu-maistratarako ikasketek eskari handia dute EHUn. Donostian, urtean 110 leku eskaintzen dituzte Haur Hezkuntzan; Lehen Hezkuntzan, 220. Eskaria, ordea, nabarmen da handiagoa. Kalifikazio altuak behar dira ikasketak egiteko: aurtengo ikasturtean, espedientean 8,7 kalifikazioa zuela sartu zen azken ikaslea Haur Hezkuntzan; Lehen Hezkuntzan, 7,8 zuen nota apalena zuen ikasleak —selektibitatea aldatu da, eta ikasleek aukera dute 14 punturaino batzeko—.
Lehenago beste unibertsitate ikasketa batzuk egindakoak edo LH Lanbide Heziketa amaitutakoak dira ikasle horietako asko. «Lanean ari den jendea da, haurtzaindegietan edo eskoletako laguntzaile». Bolognako prozesuak, ordea, modua kentzen die unibertsitatean ikasteko, kasu askotan nahitaezko bihurtu delako aurrez aurreko eskoletara joatea. Ezinezkoa, lanean ari direnentzat. «Azken urteetan ari ginen ikusten handitzen ari zela arazo hori, ordutegiengatik».
Orduen arazoari izkin egiteko asmotan, erlojurik behar ez duen sistema jarri dute martxan: Internetena. Ez zen horrelakorik aurrez EHUn; masterretan hasia zen on line bidezko ikaskuntza, baina ez graduko ikasketetan. «Gauza berria zen. Lehen ikasturteko irakasleengana joan nintzen banaka-banaka, jakiteko nola ikusten zuten», dio Urkidik. Erantzun ona jaso zuen. Nolanahi ere, lan handia ekarri die egokitzeak: «Irakasgai bera izan arren, ia berria da. Egokitzapena egin behar da, nahiko sakona. Erronka hori da: nola egokitu didaktikoki metodologia berrira, exijentzia bera mantenduz».
Ez da erabat Internet bidezko ikaskuntza. Astean bitan, hiru orduan ematen dute aurrez aurreko eskola —batzuetan hori ere ez—. «Irakasgaiaren izaeraren arabera egiten dira gehiago edo gutxiago. Praktikak eskolan egitea beharrezko denean —natur zientzietan, adibidez—, gehiagotan joan behar izaten dute», azaldu du Urkidik. Ibilbide bat prestatu dute irakasleek on line ari diren ikasleentzat. «Lehen hiru ikasturteetarako bidea diseinatu dugu, lau-bost urtean egiteko». Lanean-eta ari direnez, ikasleak ez dira irakasgai guztietan matrikulatzen.
Eskaintzari eskaria batu zaio azkar. Haur Hezkuntzako graduan, lautik bat ari da Internet bidezko aukeran; Lehen Hezkuntzakoan, %18 inguru. «Esperientzia pilotu bat da, eta iaz ezin izan genuen eman horren berri. Publizitaterik ez dugu egin. Jendeak, matrikulatzera zetorrenean, galdetzen zuen zer egin zezakeen eskoletara joan ezin bazuen. Orduan eskaini genien aukera hori».
Emakumeak nagusi
Generoak gidatzen baitu oraindik ere unibertsitate ikasketen hautua, emakumeak dira proiektuan parte hartzen ari diren gehienak. «Aurrez aurreko eskoletan ere hori gertatzen da, nabarmen». On line erako irakaskuntza hautatu duten gehienek lehendik ere ikasketak amaituta dituzte. «Haur Hezkuntzako graduan, gazteagoak dira ikasleak; Lanbide Heziketa amaitu, eta unibertsitatera etorri dira. Lehen Hezkuntzan, berriz, helduxeagoak dira; lanean ari den jendea edo bigarren titulazio bat lortu nahi duena». Urkidik nabarmendu du «ikasle onak» dituztela eskolan.
Alde ekonomikotik erreparatuta, ez dira garai onak proiektu berriak martxan jartzeko. «Ez dugu baliabide gehiago izan talde berria sortzeko», dio Urkidik. Horrek lan gehiago eskatu die irakasleei, aurrez aurreko eskolez gain on line bidezkoa eman behar dutelako. «Horregatik, gutxieneko kopurua jarri genuen proiektua abiatzeko». Nolanahi ere, irakasleen eta ikasleen iritziak aintzat hartuta, balantze positiboa egin du zuzendariak, onarturik badaudela hutsune batzuk.
Ahulguneak estaltzen segitu nahi duten orain. Ikasleak hezteaz gain, hori baitute xede: «Unibertsitatean zabaltzen bada egitasmo a, egoeraren berri izatea».
«Behar sozial bati erantzuten diogu»
Internet bidezko eredua eta aurrez aurreko eskola batzuk uztartuta ari da aurten EHU Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak ematen. Lanean ari dira ikasle asko, eta ikasteko egokiera jarri nahi izan diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu