Apaldu egin da positibo kopurua azken 24 orduetan: 573 antzeman dituzte Hegoaldean, atzo baino 222 gutxiago. Nafarroan, antzeko mantendu da kasu berrien zenbatekoa: 283 detektatu dituzte, atzo baino bi gehiago. Aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, positibo kopuruak nabarmen egin du behera. 290 antzeman dituzte, eta, beraz, 224 laguneko beherakada izan du kasu berrien kopuruak. Lurraldeka, Bizkaian atzeman dira positibo gehien: beste 134 kasu detektatu dituzte bertan. Gipuzkoan, beste 117 positibo detektatu dituzte azken egunean, eta Araban, berriz, 31. Dena dela, kontuan izan behar da hiru lurralde horietan egindako PCR kopurua aski txikiagoa izan dela azken 24 orduetan: 5.990 egin dituzte, eta aurreko egunean, berriz, 7.626 egin zituzten.
Bi lagun zendu dira gaitzarengatik, Nafarroan biak. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 92 urteko gizonezko bat eta 86 urteko emakumezko bat dira hildakoak.
Ospitaleratzeei dagokienez, 33 sartu dituzte erietxera azken egunean, osotara: 25 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 8, berriz, Nafarroan. Egun, 71 pertsona daude zainketa intentsiboetarako unitatean ospitaleratuta Hegoaldean.