Hainbat erakundek, ikastetxek eta EHUk aurtengo Beldur barik kanpaina aurkeztu dute gaur, Donostian, "berdintasunaren alde". Hain zuzen, "helburua emakumeen aurkako eta, bereziki, gazteen aurkako gaur egungo desberdintasun egoerari aurre egitea da, eta errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeriaren arbuio sendoan oinarritutako jarrera eta jokabideekin erantzutea".
Antolatzaileek diotenez, EAEn 2010ean genero indarkeriaren biktima izandako emakumeen %36 30 urtetik beherakoak izan ziren. "Beraz, gazteriarengana jotzea lehentasunezko kontua dela ikusirik, indarkeria egoerei aurre hartzea eta 12 eta 25 urte bitarteko emakume gazteekin lan egitea bilatzen du kanpainak".
Ostiralean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango dela eta, hori ospatzeko erakundeek prestatutako kanpaina da Beldur barik. Larunbatean topaketa egingo dute Donostian, 11:30etik aurrera Emakumeen Etxean (Okendo kalea 9). "Jai giroko sentsibilizazio eguna izango da, gazteen eta talde nahiz elkarte feministen topagunea".
Beldur barik, Berdinsarea Sarearen ekimena da —52 udalerri biltzen ditu sareak—, eta programak urte osoan izan nahi du jarraipena.
Eudel, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak dira sustapen lan koordinatuaren arduradunak. Aurreko edizioetan bezala, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EHUk eta EITBk kolaboratzaile gisa bat egingo dute.