Berdintasuna

'Beldurrak gurekin jai' liburua plazaratu dute Bilgune Feministak eta Emaginek

Genero indarkeriaren kontrako eragile egin nahi ditu andrazkoak, eta autodefentsaren ideia garatu nahi du horretarako

arantxa iraola
2013ko azaroaren 20a
19:27
Entzun

Gaur arratsaldean aurkeztu dute liburua, Donostiako Emakumeen Etxean. Idoia Arraitzak parte hartu du lanean. Indarkeria sexistari buruzko kontzientzia hedatu ahala, maiz erakunde publikoei horren kontra egiteko ardura egotzi zaiela dio, eta horrek izan duela  alde ilun bat: "Instuzioak, nolabait ere, andreen salbatzaile gisa agertu dira".  Konponbidearen gakoa gertuago dagoela dio: "Gu ere gai gara hortik irteteko. Autodefentsa da bidea". Horregatik plazaratu dute liburua.

Mezu zuzenak hautatu dituzte, jendeari erraz ailegatzeko modukoak. Emakume gazteak izan dituzte, bereziki, gogoan, eta hasieran haiei zuzendutako fanzine antzeko bat idaztea zen asmoa. Baina apurka-apurka eduki gehiago erantsi dituzte.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da hilaren 25ean, eta horren harira argitaratu dute liburua. Beste hainbat erakundek ere hizpide izan dute genero indarkeria. Nafarroako Gobernuak, esaterako, Ez zait berdin kanpaina aurkeztu du, bereziki gazteei zuzendua. "Izan ere, askok nagusien munduarekin lotzen dute genero indarkeria", ohartarazi du Nafarroako Familiaren eta Berdintasunaren Institutuko zuzendari Teresa Nagorek. Genero indarkeriari buruzko datuak ere eman ditu, aurten, Nafarroan, iazko datuekin alderatuz, %12 salaketa gutxiago izan direla jakinaraziz.

Emakundek eta Euskal Udalen Elkarte Eudelek ere gazteei begira antolatu dute Beldur Barik programa. Genero indarkeria kasuen %7,6 andre adingabeen kontra izaten direla ohartarazi dute, 18-30 urte artekoen aurka %27,9. Kanpaina Basaurin (Bizkaia) amaituko dute, hilaren 30ean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.