Beldurrari hortzak erakutsi

Steilas sindikatua
2015eko azaroaren 25a
09:54
Entzun

Ez da beldurrari buruz hitz egiten dugun lehen aldia. Zoritxarrez, azaroak 25 gerturatzen den bakoitzean komunikabideek gogorarazten dizkigute beraien bikote edo bikote ohien eskutan hildako emakumeak, handituz doan eraso kopurua, baita erasotzaileen zigorgabetasuna ere. Informazio honen aurrean ezinezkoa da itota, amorratua eta inpotentea ez sentitzea.

Psikologia eta Hezkuntza mundutik beldurra emozio positibo ulertzen da, gerta litezkeen arriskuak saihesteko abisua. Beldurrarik gabe, gure bizitza arriskuan jar lezakeen zerbaiten aurrean ez genuke ihes egiteko beharrik izango.

Baina, beldurra abisu xume bat izatetik gure bizitzako protagonista izatera pasatzen denean, gure osasuna serioski kaltetuta atera daiteke, fisiko zein psikologikoki.

Hiztegiari begiratzen badiogu, beldurra, modu honetan definituta dago: “Egiazko nahiz irudipenezko arriskuaren hurbiltasunak sortzen duen urduritasunezko egoera -edo kezka egoera-”.

Jakin badakigu beldurra gure bizitzako etapa guztietan existitzen dela, haurtzarotik heldutasunera, aipatutako definizioa kontutan hartuta, hezitzaile eta familiaren lana gazte eta umeei beldur errealak zein irudipenezkoak bereizten laguntzea izango litzateke behar den bezala jokatu ahal izateko.

Zoritxarrez adin guztietako emakumeak egunero beldurrarekin bizitzen dira, taberna baten bakarrik sartzeko beldurra, etxera bueltatzeko, toki konkretu batzuetatik pasatzeko, espazio batzuk betetzeko, kirol batzuk praktikatzeko edo lan batzuetan aritzeko. EMAKUNDE-K emandako datuen arabera Euskal Herriko 15- 29 tarteko emakumeen %32ek kalean bakarrik ibiltzeari beldurra diotela dio. Sexu eraso kopurua urtez urte handitzen doala kontutan hartzen badugu ez da harritzekoa. Eta nahiz eta kontra egitea ia ezinezkoa izan, beldur hauek errealak dira.

Beldur horren ondorio bat inhibizioa izaten da, alderatzea edota ehunaka emakumeri beren gaitasunak garatzeko galarazten dien gutxiagotasun konplexua.

Baina beldur hauen atzean ez ditugu egoera pertsonalak topatzen edota ibiltzeko arriskutsuak diren tokiak, baizik eta aldatzen ez den egoera sozial bat, emakumeen kontrako indarkeria estrukturaka ezkutatzen duen errealitate bat, edozein adinetako emakumeei askatasunez garatzeko eragozten dien errealitatea, baita gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzea ere.

Emakumeen kontrako eraso zein hilketako datuei begirada bat botatzen badiegu, biktima zein erasotzaileen gaztetasunak ikaratzen gaitu. Gazte hauek gure familietan egon daitezke eta dela gutxi hezkuntza sistematik pasa ziren, akaso gure geletatik ere bai. Honek, Familiak zein Eskolak jarrera matxisten betikotasunean zein kultura patriarkalaren normaltasun zein legitimotasunean jokatzen duten paperari buruz hausnartzera behartzen gaitu.

Horregatik, steilasek azaroak, 25 dela eta, aurten ere ikastetxe guztietara indarkeria matxistari buruz hausnartzeko material didaktikoa bidali du. Bertan ikasleekin lantzeko ideiak luzatu ditugu non ikasleriari orokorrean eta neskei bereziki, emakumeen kontrako bortizkeriarekin bukatzeko baloreen aldaketa ezinbestekoa dela ulertzen lagundu nahi diegu. Beldurra sortzen digun egoera guztiekin bukatu behar dugula, beldurrik gabeko etorkizuna garatzeko, jendarteak emakumeen kontrako indarkeriaren desagerpena bermatu behar duela.

Eta hemendik instituzioei legislazioa, udalerritako arautegiak, hezkuntzako curriculumak eta indarkeriaren prebentziorako politiken benetako berrazterketa exijitzen diegu. Balore aldaketarako hiritarrok ezinbestekoak garelako, eta jakina bizi garen errealitatearen ikerketa sakona egiteko mugimendu feministari entzun egin behar zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.