Belgikak Ventura Tome Espainiaratzea erabaki du

Eleak mugimenduak autoinkulpazio kanpaina hasi du Josu Esparzaren estradizioa salatzeko

Erredakzioa
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Gora Jotzeko Bruselako Auzitegiak Ventura Tome Quiroga (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) Espainiara estraditatzea erabaki zuen atzo. Duela bi aste kontrako erabakia hartu zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaeran akatsak zeudela eta. Joan den astelehenean, berriz, Tome Espainiaratzearen alde azaldu zen Bruselako Fiskaltza.

Paul Beckaert euskal herritarraren defentsa abokatuak aurreratu du Belgikako Kasazio Auzitegian helegitea jarriko duela. Bi aste ditu horretarako. Beckaertek esan du «bide guztiak amaituko» dituela Tome Espainiara estradita ez dezaten.

Urriaren 28an Xabier Agirrerekin batera atxilotu zuten Ventura Tome, Bruselan, ETArekin lotuta. ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri eta astebete geroago atxilotu zituzten biak. Atxilotu ondoren, Auzitegi Nazionalak Tomeren aurkako euroagindu eskaera egin zuen, 1980ko hamarkadan bi atentatu egitea leporatuta.

Espainiaratuko balute, Tomek hamazazpi urteko kartzela zigorra bete beharko luke. Espainian 2000n kondenatu zuten, ETAko kidea zelakoan. 1985. urtean Nafarroan Guardia Zibilari eraso egiteko lehergailuak jarri izana egotzi zioten. Frantzian sei hilabete egin zituen preso; lehen aldiz 1992an atxilotu zuten, eta 1996an berriro.

Esparzari elkartasuna agertuz

Eleak mugimenduak Josu Esparza euskal militantearen aldeko autoinkulpazio kanpaina bati ekin dio. Denok gara Josu lelopean, Esparzari elkartasuna adierazi nahi dio Eleak-ek. Izan ere, joan den astean Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea Espainiaratzeko agindua eman zuen PauekoAuzitegiak (Frantzia), Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaerari jarraiki. Urrian atxilotu eta libre utzi zutenetik,haren berririk ez dago. Poliziak dio ihes egin zuela.

Eleak-entzat onartezina da lan publikoa egiteagatik Esparza Espainiaratu nahi izatea: «Eskubide zibil eta askatasun politikoen aurkako erasoa da».

Autoinkulpazioak [email protected] helbidearen bitartez egin daitezke. Halaber, abenduaren 3an Iruñeko Udaletxeko plazan antolatutako eserialdira joateko deia egin du Eleak mugumenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.