Arnaldo Otegi aske

Belodromora, ate handitik

Donostiako belodromora bueltatu da Arnaldo Otegi. Ate handitik: jendetza handia bildu da ekitaldian. Mezu politikoak zeresana eduki du, baina ospakizunak ere bai.

Belodromoa jendez bete zen Arnaldo Otegi entzuteko. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko martxoaren 6a
08:26
Entzun

Geltoki bat. Geltokia da Donostiako belodromoa ezker abertzalearen ibilbidean. Sei urte eta erdiko kartzelaren ostean, geltokira bueltatu zen atzo Arnaldo Otegi. Ate handitik: leporaino bete ziren belodromoa bera eta kanpoan prestatutako estalpea. Ekitaldia atzeratu ere egin zuten minutu batzuetan, jende multzoa bideratzeko. Esanahi politiko handiko ekitaldia izan zen, Otegiren kartzela osteko lehen saio handia, baina festa girokoa ere bai. «Irribarre erraldoi bat» egitea zen asmoa. Otegi kartzelatik atera izana ospatzeko ekitaldia.

Irribarrea eta aldarrikapena, biak uztartu zituzten hasieratik. Carlos Urkijoren parodia egin zuten ekitaldia hasi aurretik, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarena —atzoko saioa debekatzeko eskaria egin du asteon—. Oihurik ez egiteko eskatu zuen Urkijoren rola zuen aktoreak; oihuen hasiera izan zen hura. Ekitaldi osoan etengabeak izan ziren.

Bi zati nagusi izan zituen saioak. Lehenbizikoan, euskal presoak izan ziren zutabea. Belodromoa ilunpetan eta dozenaka lagunek esku-argiak hartuta, kartzelen egoera irudikatu zuten. Ines Osinaga abeslariak jarri zion ahotsa aldarrikapen horri. 

 

Bateragune auziagatik kartzelan preso dago oraindik Rafa Diez Usabiaga, eta hark bidalitako gutun bat irakurri zuten. Otegiri idatzi dio: «Zurengan ordezkaturik sentitzen naiz, sentitzen gara». Preso guztiak «etxeratzea» lortuko dutela ziurtzat jo du Diezek.

Jon Maiaren hitzartzearekin jo zuen gailurra lehenbiziko zatiak. Euskal kantu hainbaten tarteak hartuta osatu zuen errezitaldia, presoak gogoan, eta gizarteko beste sektore batzuk ere bai —immigranteak, emakumezkoak...—.

 

Horiek izan ziren ardatz ekitaldiaren bigarren zatian, hain zuzen ere. Jone Etxeberria EH Bilduko ordezkariak egin zuen bigarren hitzaldi mardula. Erabat kutsu sozialeko jarduna izan zen: TTIP ituna, LOMCE hezkuntza erreforma, lan erreforma eta pentsioena, emakumeak «bigarren mailakotzat» hartzen dituen sistema, abortuaren lege erreforma, langile klasea... Haien rola nabarmendu zuen Etxeberriak: «Ez da iraultzarik izango emakumerik gabe. Langileen borroka gure herriarena da».Internazionala kantatuz amaitu zen hitzaldi hori.

Belodromoko epizentroan

Erdigunea, epizentroa, Otegi zen, hala ere. Belodromoko saioa hasi aurretik, kanpoan prestatutako aterpera joan zen; han zeudenei barkamena eskatu zien, barruan lekurik gabe geratu zirelako. Belodromorako sarrera arranditsua izan zen: joaldunak alderik alde zituela, fokuak harengana bideratuta, musika sakonarekin, jendea zutik zela sartu zen Otegi. Urteotan laguntzaile izan dituenak zituen alboan. Ezkerreko aldean, Asier Arraiz, Sortuko presidentea; eskuinean, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia —hura eta Iñigo Iruin abokatua izan ziren belodromoko aurreko ilaretara iristen azkenetakoak—. Oholtzan pantaila handi bat jarri zuten, eta harekin behin eta berriro eman zuten Otegiren irudia.

Gatiburen, Esne Beltzaren eta Berri Txarrak taldeko kide Gorka Urbizuren emanaldiak ere izan ziren; ekitaldiarekin lotura agerikoa hartu zuten haien abestiek. Bertsotan aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita. Trikitilariak eta dantzariak ere baziren. Banderak eta kartelak ere bai: presoen aldekoak, ikurrinak eta Kataluniakoak.

Otegiren hitzaldiak, hala ere, itzalean utzi zituen. Ia 45 minutuko jarduna izan zen denera. «Bukatzera noa» maiz esan zuen, eta segitu. Zutik agurtu zuen jendeak. Geltokian. Berriro. Geltokian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.