EAEko ararteko Iñigo Lamarcaren arabera, genero indarkeriaren aurkako borroka «gizarte osoari dagokio, eta ez soilik erakundeei». Halaber, «neurri zorrotzak»eskatu ditu emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko. «Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bermatzeko neurriak dira prebentzio neurri aproposenak», uste du Lamarcak.
Kezka azaldu du, halaber, emakume batzuek ez dituztelako kasuak salatzen. «Zenbaitetan erakundeek ematen dituzten erantzunekindesilusionatuta daudelako da, eta horrek agerian uzten du kasu bakoitzari bakarka erantzun behar zaiola» .
Aralarren arabera ere, «berdintasun erreala» da emakumeen aurkako tratu txarrak amaitzeko modu bakarra. «Hori da gizarte demokratiko baten oinarria. Bertan errespetua eta berdintasuna izan behar dute gizonen eta emakumeen arteko harremanen oinarria».
EAren ustez, tolerantziarik ez izanda amaituko da genero indarkeria. «Erabaki judizialak eta legediaren egokitzapena horretara bideratu behar dira». Gainera,hezkuntzan neurriak hartzeko eskatu du; baita neurri sozialak ere. «Denek dugu zer esana arazo honetan».
Bilboko ezker abertzaleak, Alternatibak eta EAk agiri bateratu bat kaleratu dute. Horretan, salatu dute emakumeen aurkako indarkeria «egiturazkoa» dela, eta arduraz jokatzeko eskatu diete erakundeei, Bilboko Udalari tartean: «Berdintasun politikei bultzada emateko eskatzen diegu, eta mugimendu feministak egiten duen lana babesteko».
Gipuzkoako Batzar Nagusiek omenaldia egin zieten atzo biktimei. «Leku askotan oraindik ere doakoa da emakumeei tratu txarrak ematea», salatu zuten.
«Benetako berdintasuna lortzea da gakoa»
EAEko Arartekoak, Aralarrek eta EAk neurriak eskatu dituzte genero indarkeriari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu