Osasun sistema publikoa eta erien arretaren kalitatea arriskuan dagoela ohartarazteko Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako medikuen elkargoek herenegun kaleratutako manifestuarekin ez dago ados Rafael Bengoa. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren iritziz, idatziaren edukia ezin da aplikatu Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatean: «Euskadiri dagokionez, manifestuan gehiegikeria batzuk daude. Ez dator bat hemengo egoerarekin». Forum Europan atzo emandako hitzaldian, bere gobernuaren kudeaketa defendatu zuen: «Osasun arloak egun duen konplexutasuna dela eta, hainbat modutara jardun daiteke: batzuk murrizketak egiten ari dira, eta beste batzuek sistema eraldatzea erabaki dugu».
Murrizketen ondorioez kezka agertu dute Espainiako osagileek: baliabide gutxiagorekin lan egiteak gaixoen arretari kalte egin diezaiokeelakoan, murrizketak ez onartzeko eskatu zieten herenegun mediku elkargoek langileei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taldeek bat egin zuten mezuarekin, baina Bengoak uste du ez daukatela kexatzeko arrazoirik: «Ez zait iruditzen 2.600 pertsonako lan eskaintza publikoa egitea murrizketa bat denik, edo minbizi proba gehiago egitea, edo itxaron zerrenda txikienak edukitzea... Soldatak izoztu ditugula baino ezin dute esan; ados, baina Espainiako soldatarik altuenak izoztu ditugu».
Manifestuan adierazitakoaren aurkakoa egiten ari da Jaurlaritza, sailburuaren arabera. «Gutxiagorekin gehiago egiten» ari da, hain zuzen: «Ez gara ari prestazioak gutxitzen, baizik eta berrantolatzen». Osasun sistema gaixo kronikoen arretarako prestatzeko eraldaketaz mintzatu da, ildo horretan.
Eraldaketa «sakona» eta «zaila» dela onartu du, baina «beharrezkoa». Horren seinale, datu esanguratsu bat eman du: «Gaixo kronikoengana doa Osakidetzaren aurrekontuaren %50. 3.500 milioi euroren erdia gaixotasun polipatologikoak dituzten biztanleen %5ean gastatzen dugu. %5 hori hobeto kudeatuko bagenu, gastua txikiagoa litzateke».
Urtero 7.500 gaixo kroniko gehiago sartzen dira osasun sisteman; Osakidetzara jotzen dutenen %70-80 dira, baina funtzionamendua ez dago haien beharrei egokituta. «Erreskatearen» jardunarekin alderatu du Bengoak: «Etortzen dira; unean uneko arazoa konpontzen diegu, eta etxera bidaltzen ditugu. Eredu horrek ez die erantzuten erien eskaerei». Horrekin lotuta, beste datu bat: egunero hamabost botika baino gehiago hartzen dituzten 60.000 lagunetik gora daude EAEn. «Medikuntza zatikatuta dago: gaixo bat osagile batetik bestera joaten da, eta bakoitzak botika bat ematen dio, aurrekoak eman diona ia kontuan hartu gabe».
Baina aldatu arte, berrordainketaren eraginkortasuna zalantzan jarri du oraingoan sailburuak: «Eredu honekin jarraituz gero, diru hori sisteman sartuko da, eta bertan galduko da».
Zentimoa, aldundien esku
Finantzaketari buruzko eztabaidaren barruan, beste gai liskartsu bat ere izan du hizpide Bengoak: osasunerako zentimoa, hau da, erregai litro bakoitzeko osasun sistemari zentimo bat emango liokeen zerga. Esparru horretako eskumena diputazioek dutela-eta, «serio aztertzeko» eskatu die. Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak sistema horren aurka agertu dira, eta Bizkaikoak ez du iritzirik agertu. Bengoak argitu du zentimoaren bidez lortutako finantzaketa ez litzatekeela soilik Osakidetzara joango, baizik eta «kutxa komun batera».
Bengoak dio medikuen kexak ez datozela bat EAEko egoerarekin
Jaurlaritzako Osasun sailburuak erantzun du Osakidetza eraldatzen ari dela eta «gutxiagorekin gehiago» egiten ari direlaBerrordainketaren eraginkortasuna auzitan jarri du, dirua «galduko» litzatekeelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu