Aurreko bi legegintzaldietan Gurutzetako erietxeko (Barakaldo, Bizkaia) zerbitzuen kontratazioan «antolatutako azpijokoa» izan zela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak. «Hori argi frogatzen duten txostenak daude». Saihestu egin du, ordea, horren errua aurreko Osasun sailburu Gabriel Inclani leporatzea. «Ikerketa batzordea izango da hori argitu beharko duena, horri buruzko txostenak egin beharko dituena. Ni ez naiz horretan sartu; nik ez dagokit».
Irregulartasun horien auzia—Marguello auzia— ikertzen ari den Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin zuen atzo Bengoak. Haren azalpenekin amaitu zen ikerketa batzordea; eta, orain, ondorioak jasotzen dituen txostena ezagutzea baino ez da falta. Egun batzuk igaroko dira horretarako.
Agerraldia itxia izan zen, baina horren ostean adierazpenak egin zituen Bengoak. Aurreko astean Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak adierazi zuen ezinezkoa zela Inclanek irregulartasun horien berri ez izatea, eta esan zuen auziari Inclan izena jarri beharko litzaiokeela Marguello ordez. Berak egindako adierazpenekin Fernandezek esandakoak zuzendu nahi ote zituen galdetuta, Bengoak ezetz dio. «Halako irregulartasunen bat balego, nik astebete baino gutxiagoan jakingo nuke. Horixe esan nahi izan du sailburuordeak».
Batzordeak eta berak jasotako «irainak» ere salatu ditu. «Batzordeak eta txostenak egin dituztenek errespetu osoa merezi dute». Horixe bera eskatu dute, halaber, PSE-EEko legebiltzarkide Blanca Roncalek eta PPko Carmelo Barriok. «Legebiltzarraren izen ona urratu besterik ez dute egiten Inclanek eta EAJk». Roncalen arabera «eskrupulurik gabe» jokatzen ari dira : «Auzi honetan duten erantzukizuna estali nahi dute, lekuz kanpoko biktimismoa erakutsiz». Barriok, berriz, errealitatea ezkutatu nahi izatea egotzi die. Biek ikerketa batzordearen lana defendatu dute.
Inclan «lasai»
Bengoa azalpenak ematen ari zen bitartean, prentsaurrekoa eman zuen Inclanek. «Azpijokorik» ez zela izan berretsi zuen, eta ikerketa batzordeari «alderdikeriarik gabekoa eta zuzena» den txosten bat egiteko eskatu zion. Egungo Osasun Sailaren xede bakarra beraiek egindako lana «zikintzea» dela uste du Inclanek. «Oso larriak dira egiten ari diren adierazpenak eta akusazioak».
«Filtrazio interesatuak» egon izana kritikatu du. «Ezin izan dugu, gainera, horien aurrean defendatu». Eusko Jaurlaritzak gaiari buruz egindako txostenek «akatsak» dituztela ere nabarmendu du. «Ozen eta burua tente esan dezakegu ez zela azpijokorik eta ustelkeriarik izan gure kudeaketan. Oso harro gaude egin genuenaz».
Egindako salaketa bakar bat ere ezin izan dutela frogatu azpimarratu du Inclanek. «Argi geratu da, gainera, ez zela kalterik eragin kutxa publikoan». Batzordearen lehenengo eta azkenengo agerraldia Bengoak egin izana ere kritikatu du. «Zintzo jokatu izan balu ikertzaileei utziko zien azken hitza».
Ikerketa batzordeari «guztia» argitzeko eskatu dio. «Har dezatela kontuan, adibidez, nik neuk eman nien txostena. Hor agerian geratzen da kontratazioetan ez zela iruzurrik izan eta akusazioak gezurra direla».
Bengoak salatu du «azpijokoa» izan zela Gurutzetako kontratazioetan
Gabriel Inclan Osasun sailburu ohiak ukatu egin du iruzurra egon zela, eta egin zuten kudeaketa defendatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu