Lanetik atera, gurasoengana joan, eta biak hil zituen gizonezko batek Barakaldon, Bizkaian. 2014ko ekainaren 9a zen. Benigna Maria Lago Rodriguez zuen izena amak (80 urte), eta Antonio Lamas Balleres aitak (79 urte). Hiltzailearen emazteak poliziei abisu eman ondoren aurkitu zituzten hiru hildakoen gorpuak, gurasoen etxean.
Ikusi gehiago
Iñaki Lamas Lago, bikotearen semea eta hiltzailea, udaltzaina zen Bilbon eta 51 urte zituen. Gau hartan, hain justu, lanean aritua zen, Miribillan, ohi zuenez. Etxera joan zen handik, baina dei bat jaso zuen: aitak ondoeza eduki zuela abisatu zioten. Lorik egin gabe zegoen arren, gurasoenera jo zuen zuzenean. Barakaldoko La Bondad kaleko 12. atarian bizi ziren ama eta aita.
Lamas Lagoren emaztea, senarra ez zela itzultzen ikusita, haien etxera joan zen, gertu bizi baitziren; baina inork ez zion atea ireki. Larrialdietara deitu zuen orduan. Suhiltzaileak bosgarren pisuko leiho batetik sartu ziren barrura, eta han aurkitu zituzten hiru gorpuak: amarena eta aitarena korridorean, eta semearena sukaldean. Pistolaz tiro eginda hil zituen ama eta aita, eta gero pistola berarekin eman zion tiro bere buruari.
Hiltzaileak bere buruaz beste egin zuela frogatuta, auzitegiak artxibatu egin zuen kasua.