Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

Berdintasuna «ezinbesteko ardatza» da Sumarrentzat

Lorena Vicioso Kongresurako Bizkaiko bigarren hautagaiak esan du feminismoa nahitaezkoa dela Diazen koalizioarentzat

Sumarrek Basaurin egindako ekitaldia, atzo. BERRIA.
xabier martin
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mugimendu feministaren historiako efemeride bat gogoratuz hasi zuen hitzaldia Sumarren Espainiako Senaturako Bizkaiko bigarren hautagai Carmen Muñozek atzo, Basaurin (Bizkaia): «Basaurin gaude, eta arrazoi askorengatik egon gintezke hemen, baina zuek zoriontzeko etorri gara. Benetan harro egon behar duzue, emakumeen bizitza aldatu zuen gertaera historiko bat izan baitzen hemen».

Duela berrogei urte, Espainiako Auzitegi Gorenak kolokan jarri zuen abortatzeko eskubidea, baliogabetu egin baitzuen abortatua zuen Basauriko emakume talde bat absolbitzea ebatzi zuen aurreko epai bat. «Basauriko Hamaikek merezia dute herrian beren omenezko plaka bat edukitzea, nahiz eta agian jende askok ez jakin», esplikatu zuen Muñozek.

Izan ere, Sumarrek uste du emakumeen lorpen asko arriskuan daudela eskuin muturreko politikak direla eta. «Orain, eskuina gure eskubideak ukatzen entzuten dugun honetan —ez bakarrik lortutakoak, baita lortzeko ditugunak ere—, aukera dugu geldiarazteko, gure botoaren bidez», adierazi zuen Yolanda Diaz Madrilgo zerrendaburu duen koalizioko hautagaiak: «Asko dugu jokoan: gure gorputzen jabe izateko eskubidea, nahi duguna maitatzeko eskubidea, gogoak ematen digun bezala janzteko eskubidea, lan duina eta prekarizatu gabea izatea, zaintzak erantzunkidetasunaren ondorio izateko eskubidea, independentzia ekonomikoa edukitzea, lan munduan dagokigun lekua hartzeko eskubidea, eta, batez ere, gure bizitza eta duintasuna».

Minutu bateko isilunerik ez

Lorena Vicioso Kongresurako Bizkaiko bigarren hautagaiak ere hartu zuen hitza mezu feminista indartzeko, eta Espainian eratzen ari diren PP-Vox gobernuak salatzeko. «Berdintasun sailak ezabatzen dituzte, eta, hilketak eta erasoak daudenean, minutu bateko isiluneak kentzen dituzte», abisu eman zuen.

Gainera, zehaztu zuen indarkeria matxistaren ondorio dramatikoak gertatzen diren bitartean erakusten dutela jokabide hori: «Hamar hilketa hamar egunean, azken biak azken bi egunetan: oso garai kritikoan gaude, eta Sumarrek ez du nahi indarkeria matxista ukatzen duen gobernu bat PPrekin eta Voxekin, horrek arriskuan jartzen baitu gure bizitza, arriskuan jartzen baitu emakumeen bizitza».

Viciosok Sumarren proposamen feminista zehaztu zuen, eta horrek gizarte bidezkoagoa ekarriko duela azaldu: «Feminismoak berdintasuna dakar, gure etxeko leihotik harago begiratzera bultzatzen gaitu, denok ez baikara zuriak, denok ez baikara heterosexualak eta denok ez baititugu aukera berak». Jendea jaiolekuak, arrazak eta sexu jarrerak eragindako ezberdintasunek «baldintzatuta» bizi dela azaldu zuen Sumarreko diputatugaiak. «Sumarrek proposatzen du ahulenen eskubideak politika publikoen erdian jartzea , ekoizpen eredua aldatzea eta aberastasuna banatzea, ondasun komunak berreskuratzeko, demokratizatzeko, ongizate estatua indartzeko eta zainketen iraultza egiteko».

Horregatik guztiagatik, Sumarren alde bozkatzeko eskatu zuen Vicioso hautagaiak,horrek «aldaketa feministaren alde» bozkatzea dakarrelakoan, baita «batuketa» ere. Uztailaren 23ko hauteskundeen ondotik, Espainiako Gobernuak emakumezko lehen presidente izango duela erantsi zuen: «Egin dezagun presidente Yolanda Diaz».

Hain zuzen, azken orduetan, koalizioaren Madrilgo zerrendaburu Diazek hizpide izan duPSOEko eta PPko presidentegaiek, hau da, Pedro Sanchezek eta Alberto Nuñez Feijook telebistan izan duten eztabaida gogorra. Sumarreko buruaren ustez, bi gizon horien arteko eztabaidan «ez da proposamenik egon arazoei soluziobideak emateko». «Zarataz» betetako eztabaida horretan ez da islatu, Diazen iduriko, egungo Espainia: «Espainia beste gauza bat da; beste era batera hitz egin behar dugu; geroa behar dugu», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.