Floren Aoiz. Independentistak sareko kidea

«Bere burua abertzaletzat ez dutenak ere konbentzitzea da gure erronka»

BOB EDME.
joxerra senar
Iruñea
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Goizetik azken ordura arte, jende asko eta oso giro polita izan zen». Aberri Egunaren ondorengo lanetan murgilduta telefonoz erantzun dizkio galderei Floren Aoiz sareko kideak.

Greba egunean jende andana bildu zen manifestazioan, baina Aberri Egunekoa ere jendetsua izan zen.

Iruñean greba egunekoa izugarrizkoa izan zen, baina igandekoa Iruñean azken urteetan egin den handienetarikoa izan da. Oso handia, oso luzea, oso koloretsua. Hori oso interesgarria da. Norabide argia eduki zuen, independentziaren aldeko manifestazioa izan zelako. Independentzia izan zen maila politikoan benetako protagonista.

Aberri Egun hau mugarri izatea zen zuen helburua. Lortu al duzue?

Guk hasieratik esan dugu urteurren hau baliatu behar zela nazio gisa nondik gatozen eta nora joan nahi dugun aztertzeko. Iruditzen zaigu mahai gainean jarri dela gogoeta hori. Komunikabide batzuk saiatu dira Aberri Eguna hauteskunde aurreko giro batean kokatzen, baina, gure ustez, Aberri Egunak oro har ez dira jarri behar hauteskundeei begira, eta are gutxiago aurtengoa, beti daudelako hauteskunde erronkak. Agendan jarri da indar handiarekin independentzia ez dela amets bat, eta gero eta jende gehiagok aintzat hartzen duela. Gauza egingarri eta beharrezkoa da. Igandekoak lagundu egiten du bide horretan.

Independentziaren aldeko mezua zabaldu zen igandean, eta, gainera, egungo egoerari lotuta.

Azpimarratu nahi dugu independentismoa indartzen ari dela maila ideologikoan, antolakuntzan eta politikoan. Era berean, zabaltze fase batean dago gizartean. Ohiko abertzaletasunetik harago iristen ari da, eta haren erronka ez da soilik bere burua abertzaletzat daukaten guztiak konbentzitzea, baizik eta bere burua abertzaletzat ez daukatenak ere konbentzitzea. Jada ez da abertzaletasunari egiten zaion eskaintza, baizik eta jendarte osoari egiten zaiona. Elkarrekin pentsatu behar dugu euskal herritar gisa independentziarena bide argia dela eta komeni zaigula denoi. Oso zaila da jakitea nora irits gaitezkeen urrats zehatzetan independentziara, baina argi dago hegemonia lortu behar dela. Hau da, zure ideiarekin inplikatu behar da jende gehiena. Horretarako, egokitzapen batzuk egin dira, eta independentismoak atera egin behar izan du tabu eta konplexu batzuetatik. Horiek alde batera utzi, eta ikusi dugu gaitasuna dugula aurrera egiteko. Zerekin lehiatzen da? Espainiartasuna eta frantziartasuna gaur egun gain behera doaz; nabarmena da, batez ere, Espainiaren kasuan. Berriz, Euskal Herriaren independentziaren proposamena gorantz doa.

Alderdiez gaindiko plataforma da Independentistak sarea. Aurten, lehen aldiz, EAJk salbu, alderdi abertzale denek bat egin dute. Nola ikusten duzue?

Ongi etorriak dira atxikimendu guztiak, baina nahasketa bat egiten da. Deitzaileak gu ginen, eta gure artean sektore askotariko jendea dago, EAJkoak ere bai. Antolakuntzan EAJko jendea, ezker abertzalekoa, Aralarrekoa, EAkoa… sektore guztietako jendea egon da. Guk hori bereizten dugu. Gero, guri gustatuko litzaiguke alderdi eta sindikatu guztiek gure helburuarekin bat egitea. Hori ez da lortu. Egunen batean lortuko delakoan gaude.

Hemendik aurrera, zer?

Saiatuko gara lehenbailehen aurkezten Interneteko komunitate birtual bat. Gero beste bi helburu inportante ditu sareak antolakuntzan. Uste dugu beharrezkoa dela independentziaren alde izugarrizko sarea antolatzea, eta horretan ez gaude ados egin dugunarekin. Gutxi egin dugulako. Exijenteak gara geure buruarekin. Pentsatzen dugu gehiago eskatzen duela herri honek, eta urrats gehiago egin behar direla. Borroka ideologikoari dagokionez, independentziaren aldeko arrazoiak bilduz jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.