Bake eta konponbide prozesua

Bere burua desegitea erabaki du Ekinek, udaberrian hasitako gogoetaren ostean

Hango kide izandakoek ezker abertzalearen apustu politikoaren alde lan egingo dutela jakinarazi dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ekinek bere burua desegitea erabaki du, egoera politiko berriaren inguruan barne gogoeta bat egin ostean. Testuinguru politiko honetan erakundearen lana beharrezkoa den planteatu dute bertako kideek udaberrian hasitako barne eztabaidan, eta, azkenean, egokiena desegitea dela erabaki dute. Hango kideek, ordea, lanean jarraituko dute: «Gure aktibo guztia ezker abertzalearen apustu politikoaren alde kokatuko dugu», diote Ekineko zuzendaritzako bi kidek, Gara egunkarian egin dieten elkarrizketan. «Gure tresna baliogabetzen dugu, baina koadro eta militante kualifikatuak ditugu, eta dauden eta sortuko diren tresna eta erakunde berrietan parte hartzera animatzen».

Izan ere, egoera politiko berrian ere «independentzia eta sozialismora» bidean egiteko lan asko dagoela uste dute erakundeko kideek. «Oraingo erronka handia bada, etortzeko daudenak oraindik handiagoak izango dira. Hor herriak irabazi behar du, herriarekin irabazi behar dugu, eta urte luzeetan egin beharreko ariketa izango da hau». Horregatik, «inoiz baino gehiago parte hartzeko» ordua dela esan diete herritarrei: «Urteotako borrokak eta ekarpen militanteak ekarri gaitu hona, eta etorkizuna ere horrela eraikiko dugu: lan kohesionatuaren bidez, eta konpromiso maila handia emanaz».

Gudari Egunaren testuinguruan eman du berria Ekinek. Herrietan egindako ekitaldietan eman zuten erabakiaren berri aurrena, eta Gara egunkariaren bitartez egin zuten erabakia publiko, atzo. Han, erakundeko zuzendaritzako bi kideri elkarrizketa egin diete. Azaltzen dute «ezker abertzalearen ildoarekin» bat egiten dutela, eta beren onena jarriko dutela horren mesedetan.

Hain justu, ezker abertzalearen estrategia aldaketak bultzatu zituen Ekineko kideak barne eztabaida abiatzera. Erakundea sortu zutenean ere estrategia aldaketa baten ondorio izan zela diote —«90eko hamarkadaren amaieran estrategia negoziatzailearen agortzea eta indar metaketaren beharra nabarmentzen ziren»—; beraz, beste estrategia aldaketa bat gertatu denean hausnarketa abiatzea gauza logikotzat jotzen dute. Are gehiago, aldaketa hori «ETAren sorreratik hona ezker abertzalearen barruan izandako aldaketa handiena» dela ulertzen dutela kontuan hartuta.

Horrenbestez, ukatu egin dute erakundea desegitea errepresioaren ondorioz hartutako erabakia izan dela. Errepresioak gogor jo dituela onartu dute azken zuzendaritzako bi kideek; baina, hala ere, nabarmendu dute zuzendaritzak erabakiak «lasaitasunez» hartu izan dituela .

«Ondo egin dugu lana»

1999ko azaroaren 6an sortu zirenetik desagertu diren arte egindako lana ez dela alferrikakoa izan uste dute Ekineko kideek. «Bere garaian etxe bat sortu genuen, funtzio batzuetarako, eta, gure ustez, ondo egin dugu lana», diote. «Baldintzak» sortu direla azpimarratu dute, eta eraikuntza nazionalean aurrera egin dela: «Gaur da eguna EAJk ere horretaz hitz egiten duela». Gainera, herrietan dinamizazio lana egin dutela goraipatu dute, eta beren lana baliagarria izan dela «egungo esparruaren agortzea agerian uzteko, edota hemen arazoa ez dela bakarrik borroka armatua izan, herriaren ukapena baizik, islatzeko».

Iruñeko Anaitasuna frontoian aurkeztu zuen Ekinek bere burua 1999ko azaroan, 2.000 lagun ingururen parte hartzearekin. «Euskal Herriaren askapen prozesuak eta nazio eraikuntzaren ardatzak bildu gaitu» esanez abiatu zuten ekitaldi hura.

Ezker abertzaleko antolakunde berri bat zirela jakinarazi zuten, eta, hori erakusteko, ezker abertzaleko hainbat kide izan ziren ekitaldian. Arnaldo Otegi bozeramailea izan zen erakunde berriari babesa eman zietenetako bat, eta honela definitu zituen Ekinen bi egitekoak: «Euskal demokrazia eskuratzea eta gauzatzea Euskal Herri osoan, batetik; eta Euskal Herri horrek alternatiba soziala gauzatzeko antolakuntza tresna izatea, bestetik». Ekineko kideek ere hartu zuten hitza ekitaldian: Estatu independentea sortzea da helburua, eta eguneroko konpromisoa da eredua, gizarte molde berriak eratuz», azaldu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.