ESPETXEAK

Bere buruaz beste egin du preso batek Iruñean

Lehen aldia da Nafarroako kartzelan halakorik gertatzen dela. Espetxe Zuzendaritzak zehaztu du erietxean ebakuntza egiten ari zitzaizkiola hil dela eta bere buruaz beste egiten saiatzeak ez duela zerikusi zuzenik heriotzarekin.

2012ko abuztuaren 30a
18:05
Entzun

Preso batek bere buruaz beste egin du Iruñeko kartzelan. Espetxe berrian gertatu den lehen heriotza da. Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak esan du ebakuntza baten ondorioz hil dela, erietxean. Baina Salhaketak jakinarazi du bere buruaz beste egiten saiatu zela presoa.

Presoak zainak ebaki zituen, eta horretarako erabilitako bizar xafla irentsi egin zuen. Espainiako Poliziak erietxe batera eraman zuen presoa, eta ebakuntza egiten ari zitzaizkiola hil zen. Aste honetan gertatu da, baina ez dute jakinarazi ez noiz, ez presoari buruzko datu gehiago.

Espetxe Zuzendaritzak esan du, ebakuntza egiten ari zitzaizkiola zendu zenez, presoa ez dela hil bere buruaz beste egiten saiatzearen ondorioz; zainetako ebakia oso txikia eta arriskurik gabea zela erantsi du. Salhaketak kontrakoa uste du, ordea: xafla irentsita bere buruaz beste egiten saiatu zela eta, ebakuntza bitartean hil edo lehenago hil, hori izan dela heriotzaren kausa.

Iruñeko kartzela berria ekainaren 5ean zabaldu zuten, eta halako heriotzarik gertatu den lehen aldia da. Presoa, berriz, orain berri eraman zuten kartzelara. Iruñeko auzitegi batean deklaratu behar zuen, berez, atzo, eta horretarako ekarri zuten. Salhaketa familiarekin eta presoaren abokatuarekin ikertzen ari da gertaturikoa. Auzitegiak, berriz, autopsia bat egingo dio hildakoaren gorpuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.