Lehendakari izendatu zuten egunean hasi eta gaur arte emandako hitzaldi «nabarmenen» zatiak argitaratu ditu Patxi Lopez EAEko lehendakariak, bere «pentsamendu politikoaren adierazgarri».
Era horretan, hitzaldietako «pasarte gogoangarrienak» jasotzen dituen bilduma jarri du Eusko Jaurlaritzak herritarren eskura. Hori bai, argitalpena euskaraz eta gaztelaniaz eskuratu daiteke, baina soilik euskarri digitalean: Eusko Jaurlaritzaren Irekia zerbitzu digitalean, eta liburu elektronikoetarako ePub kode irekiko formatuan.
Hitzaldien bildumaren hitzaurrea Jose Maria Ruiz Soroa abokatu eta analista politikoak egin dio.«Herritar askez osatutako EAE solidario, iraunkor eta lehiakorraren isla ematen duten paragrafoez osatuta dago bilduma, horixe delako lehendakariak etorkizunerako nahi duen EAE», azaldu du Eusko Jaurlaritzak argitalpenaren berri ematen duen oharrean.
Azken hogei hilabetetan lehendakariak hainbat ekitalditan emandako hitzaldiak dira guztiak: esate baterako, lehendakari izendatu zuten inbestidura ekitaldikoa; iazko Politika Orokorreko ekitaldikoa; Terrorismoaren Biktimei egindako omenaldikoa; Korta Sarietakoa; Euskararen egunekoa; Giza Eskubideei buruzko Kongresukoa; Bilboko Merkataritza Ganberaren urteko topaketakoa; Navarra XXI Forokoa; Euskadiko Lidergoaren Forokoa; eta Londreseko School of Economics ikastetxean emandako konferentziakoa.
«Bidezko garai berri bat»
Hitzaldi zati horiek irakurriz, «bidezko eta elkartasunezko garai berri bat» eraikitzeko gonbita egiten die Lopezek bere blogeko irakurleei. Izan ere, bere esanetan, «elkartasun kontzeptua ahuldudute azken 30 urteetan munduan nagusi izan diren politika neoliberalek. Merkatuen bidez kontserbadoreak globalizazioan sartu ziren bitartean, ezkerrak ez du jakin politika globalizatzen. Horregatik, demokrazia defendatzeko beharra ikusi dugu aurrerakoiek, Ongizate Estatua aldarrikatzekoa, merkatuen gaineko politikaren kontrola izatekoa, eta berdintasuna bermatzen duen eskubide eta betebeharren sistema lortzekoa».
Horregatik, bere politikak bide horretatik bideratu nahi dituela azaldu du Lopezek, eta «etorkizuneko EAE eraiki nahi du; EAE eskuzabala, iraunkorra eta lehiakorra». Baita «bizikidetzaren oinarri XXI. mendeko sozialdemokraziaren erronkak dituen herrialdea».
Bere hitzaldien bilduma digitala argitaratu du Patxi Lopez lehendakariak
Bere pentsamendu politikoaren «adierazgarri» dira bildumako hitzaldi «nabarmenen» zatiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu