Bereizkeria kasuak ikertzeko fiskal espezializatua nahi du SOS Arrazakeriak

EAEko atzerritarren eskubideak bermatu ordez, kontrako bidean doazen neurriak hartzea egotzi dio Jaurlaritzari

SOS Arrazakeriak 2012ko txostena aurkeztu zuen atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI RPESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
SOS Arrazakeriak fiskal espezializatu bat eskatu du «gorroto delituak eta arrazakeria larrigarria» duten delituak ikertu ahal izateko. Hain zuzen ere, salaketak jarri nahi dituzten pertsonen informazio eza babesgabetasuna zuzentzea lehentasunezkotzat jo du 2012. urteko txostenean. Alde horretatik, bazterkeria kasu horien aurre egiteko, protokolo jakin batzuk abiarazteko proposatu du.

2012ko txostenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden «maila txikiko» bereizkeria kasuei buruz ohartarazi du SOS Arrazakeriak. Bazterkeria kasu ohikoenak taberna zein aisialdirako bestelako lokal publikoetan, eta etxebizitza bat bilatzerakoan gertatzen direla azaldu du. Ordea, lanean, hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan ere gertatzen direla jakinarazi du. Arrazakeria «inplizitu eta disimulatutzat» jo dute hori, eta horrekin «bereziki» kezkatuta agertu dira. Txostenak zehazten du arrazakeria hori egiaztatzea zaila dela, eta, bazterkeria egiten duten pertsonez gain, kaltetuek ere «normal» hartzen dutela.

SOS Arrazakeriak gaineratu du gaur egun mota horretako salaketen estatistikarik ez dagoela. Espainiako Gobernuaren ardura dela gogorarazi du, baina salatu du ez duela inolako lanik egin ildo horretan. Hortaz, estatistika horren ardura hartzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari.

Islamofobiaren itzala

Hego Euskal Herrian zein Europa osoan «islamofobia» hazi egin dela nabarmendu du SOS Arrazakeriak. Testuinguru horretan, Bilbo eta Gasteizko meskiten auziak ekarri ditu gogora. Bizilagunek egin zituzten mobilizazioak eta hedabideek egindako jarraipena gogorarazi du. Kasu horietan instituzioek «irmoki» jo behar dutela berretsi dute. «Liskarrak pedagogia politikoaren bidez konpondu behar dira, baina inoiz ez zilegi diren eskubideak murriztuz».

2012ko txostenak gogorarazi du Bilboko meskitak irekitzeko baimen guztiak zituela, baina ezin zituela lanak egin Bilboko Udalak espresuki egindako aldaketa batzuen ondorioz. Gasteizko meskitaren kasuan egoera bertsua gertatu zen. Javier Marotok alkategai zenean auzi hori erabili zuen hauteskunde kanpainan, eta, meskitak baimen guztiak zituen arren, ez irekitzea lortu zuen.

Hauteskunde kanpainan horrelakorik berriro gerta ez dadin,Immigrazioaren Itun Sozialaren garrantzia berretsi du SOS Arrazakeriak. Egungo testuinguruaren eta zenbait alderdiren mezu «xenofoboak» direla eta, horrelako egitasmo bat egotea eskertu du. Ordea, horri jarraipena ematea garrantzitsua dela gogorarazi du. Hori dela eta, itun hori aintzat hartzeko eskatu die Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan egongo diren alderdiei, eta immigrazioari buruzko «ikuspegi erreala eta positiboa» erakusteko ere bai. Hau da, ez dezatela «demagogia» egin immigrazioarekin.

2012ko txostenean ere gogoan hartu dituzte Gasteizko Udalak erroldatik kendu zituen 1.300 pertsonak; gehienak, etorkin atzerritarrak. Are gehiago, gogorarazi du neurri hori diru laguntzak jasotzeko «iruzurkeriarekin» lotu zituela Gasteizko Udalak.

Administrazioaren ardura

SOS Arrazakeriak gogorarazi du gizarte laguntzen gaian zenbait instituziok pertsona atzerritarren «iruzurti» irudi hori sustatu dutela. Ordea, Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketetan estereotipo hori ezeztatzen dela gogorarazi du. Nabarmendu dulaguntza horiek ez dituztela atzerritarrak erakartzen , eta gaineratu soldatak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen %80ren diru sarrerak.

Bestalde, SOS Arrazakeriak krisi garaian administrazioek duten arduraz ohartarazi du. Abiarazten dituzten politikek EAEn dauden atzerritarren hiritartasun eskubideak bermatu behar dituztela azaldu du, baina, hori egin beharrean, zenbaitetan horren aurka doazela gaineratu du; oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko irizpideak gogortu izana salatu du arrazakeriaren aurka lan egiten duen elkarteak. Osasun zerbitzua jaso ahal izateko irizpideen artean, halaber, Eusko Jaurlaritzak erroldaren muga zehaztu du, urte batekoa, hain zuzen ere.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, EAEko osasun sistemaren «kalitatea eta unibertsaltasuna» aldarrikatu zuen atzo, Debagoieneko Ospitale berrira egindako bisitan. Zerbitzuaren kalitatea kaskartu gabe egin daitezkeen aldaketak daudela gogorarazi zuen, baina ohartarazi zuen zerga sistemaren gaiari heldu beharko zaiola osasun sistemari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.