Auziak bi gako-hitz ditu: gazteria eta etxebizitza. Izan ere, 18 eta 34 urte bitarteko gazteak dira beren kabuz bizi ezinik dauden guztien %85,9. Bestetik, hamarretik ia bederatzik diote etxea edukitzeko zailtasuna dela independizatzeko oztopo nagusia.Arazo sobera ezaguna da. Ondorioak, berriz, gero eta larriagoak dira. Elkartzen-eko Nekane Juradoren esanetan, jaiotza tasak «behera» jarraitzen du Euskal Herrian: «Behera egingo ez du ba! Milaka gaztek beren kabuz bizitzerik ez badute, nekez izango dute seme-alabarik, ezta? Emakumeak egonkortasun pixka bat behar izaten du erditzea erabakitzeko, eta etxea izatea erabakigarria da, baina bizitza egonkortzen zaigunerako menopausiak jota baldin bagaude...». Ekonomistaren iritziz, berdin jarraituz gero ondorioak izango dira «krisi demografikoa» larriagotuko dela eta «familiaren egitura klasikoa» desegingo dela.
«Blokeo demografikoa»
Luis Sanzo soziologoa da eta inkestaren arduradun nagusia. Garrantzi handiko afera dela onartu du: «Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen guk 1986. urtean genioena, hots, krisi demografikoa ez zela kultur egokitzapenaren ezaugarri bat, tartean pobrezia ezkutu sakona zegoela baizik. Bai, arazo garran- tzitsua da, islatzen baitu gizatalde zenbait beren kabuz biziko liratekeela baldintza normaletan egonez gero, baina ezin dutela». Horrek «blokeo demografiko handia» dakarrela ohartarazi du.
Txiroekin Bat Eginik taldeko Iñaki Uribarriren aburuz, 2004ko inkestaren berrikuntza nagusia da independizatzeko gogoa izugarri handitu dela 2000. urteko azterketarekin parekatuta: %51,5eko hazkundea izan du lau urtetan diru baliabideak izanez gero urtebeteko epean gurasoen etxetik alde egingo luketela diotenen kopuruak. «Asko izan dira beti, baina kontua da orain joan egin nahi dutela». Uribarrik uste du joera horrek zerikusia duela azken boladan langabeziaren nabarmen jaitsi izanarekin: «Jendeak badaki enplegu urria daukala, baina, hala eta guztiz ere, saltoa eman ahal izatea espero du». Azterketak berak ondorioztatu du hori.
Baina, beharbada, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren inkestaren ekarririk garrantzitsuena da pobrezia ezkutuari buruzko gogoeta: beren kasa bizitzera joanez gero pobrezia larrian sartzeko arriskua dutenen kopuruak behera egin baitu 2000. urtetik (60.672 pertsona ziren orain dela lau urte eta 59.388 iaz). «Gazte batzuk gurasoenetik joateak tira egin die joan gabeko zenbaiti», azaldu du Sanzok. Uribarrik Administrazioari kritika egin dio. «Pobrezia ezkutua dagoen bezala mantendu nahi du. Denak azaleratuko balira, Oinarrizko Errentaren hartzaile kopurua asko handituko litzateke».
Zaharrak, etorkinak eta abar
Jurado, bestalde, oso kexu da Jaurlaritzaren inkestarekin. Benetako pobrezia ezkutua oso zabala dela dio. «Adibidez, zaharrak azterketatik atera egin dituzte, etxea pagatuta dutelako eta abar. Bitxia da, baina 2000. urtean zioten 72 urtetik gorako emakume ia denak pobreziaren mugaren azpitik bizi zirela, eta, oraingoan, ez dute ezer esaten. Hirugarren adinean pobrezia ezkutu handia dago, baina ez ikusiarena egiten da». Alargunen pentsioa 500 eurokoa dela gogora ekarri du (Elkartzen-ek dio pobreziaren muga 778 eurotan dela). Haurrak dituzten guraso bakarreko familiak edo etorkinak ere talde ezkutuaren beste kide batzuk direla uste du.
-
JAVIER MADRAZO
(JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA SAILBURUA)
«Aurrerapausoak eman dira,
baina urrunago joan behar da»
Zer egiten ari dira erakundeak hain arazo larriari aurre egiteko? Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok «kezkagarritzat» hartu du gaur egungo pobrezia nahiz bazterketa maila: «Zenbait aurrerapauso egin ditugu, baina talde batzuk kanpoan gelditzen dira beti, eta, beraz, erakundeek lehentasunezko arreta eman behar diete. Are urrunago joan beharra dago». Sailburuak dio gazteei «alternatibak» emateko programak hobetsi dituela legealdi honetan, alokairu soziala (180 euroko errenta hilabetean) eta babestua (Bizigune programa) sustatzen dituzten ekimenen bidez. Dena den, jakitun da datorren legealdian «gehiago» egin beharko dela arazoaren ondorio larriak aintzakotzat hartuta.