EAJ

Berezko Gizarte Segurantza izatea proposatuko du EAJk asteburuko batzarrean

Larunbat eta igandean egingo du batzar nagusia EAJk, Iruñeko Baluarte jauregian. Datozen lau urteetan jarraitu beharreko ildo politikoak zehaztuko ditu batzarrean.

Koldo Mediavilla, EAJren batzarra aurkezten.
jon olano
2016ko otsailaren 11
07:21
Entzun

Batzarrari buruzko xehetasunak eman ditu Koldo Mediavilla EAJren EBBko harreman instituzionaletako idazkariak. Alderdiaren zazpigarren batzar nagusia izango da, eta Bizkaitik kanpo egiten duten lehena.

1977an EAJk eginiko batzar nazionalari eginiko keinu gisa bilduko dira Iruñean. Batetik, 40 urte beteko direlako datorren urtean batzar hori egin zutela; bestetik, Batasuna eta indarra izan zen batzar haren leloa, eta horrela izendatu dute asteburuan aurkeztuko duten dokumentu politikoa. Asteburuko batzarraren leloa, berriz, Guztiok bat izango da. 700 kide inguru daude bilkuran parte hartzera deituta.

Alde batetik, Mediavillak azaldu du Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta zortzi burkide izendatuko dituztela igandean. Beste alde batetik, eztabaidagai izango dituzten zenbait eduki jakinarazi ditu.

Batasuna eta indarra txostenari 381 zuzenketa egin dizkiote, eta, azkenean, 199 aztertuko dituzte batzarrean. Larunbatean eztabaidatu eta onartuko dute dokumentu politikoa, eta horrek zehaztuko datozen lau urteetarako EAJren jardun politikoa.

Gizarte segurantzaren bideragarritasunaz

Agiri horrez gain, sei komunikazio aurkeztuko dizkiete batzarrean eztabaidarako. Horietako bat berezko Gizarte Segurantza eta pentsio sistema proposatzeko izango da. Mediavillak gogorarazi du atal hori 1979ko autonomia estatutuaren 18. artikuluan jasota dagoela baina oraindik ez zaiola Eusko Jaurlaritzari eskumen hori transferitu, eta azpimarratu Gizarte Segurantza "autogobernuaren elementu adierazgarri eta oinarrizkoa" dela.

Hain justu, Gizarte Segurantza propioaren bideragarritasuna jarri izan dute auzitan hainbat sektorek. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeak eskatuta, berezko sistema bideragarria dela azaltzeko txosten bat argitaratu zuen iazko irailean Eusko Jaurlaritzak.

Gainerako komunikazioak genero politiken, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanen, egoera ekonomiko eta industrialaren eta osasunaren ingurukoak izango dira, besteak beste. Mediavillak azaldu du helburuetako bat dela herritarrei erakustea EAJ "nazio eraikuntza, gizarte ongizate eta euskara nahiz euskal kultura sustapenaren zerbitzura dagoen tresna" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.