Maren Belastegi izendatu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko presidente. Bergarako (Gipuzkoa) alkateordea da, Bildukoa. Koalizio horrek izango ditu kide gehien Uemako zuzendaritza batzordean: bost. EAJk bi kide izango ditu, talde independenteek bezala. Aralarrek bakarra dauka.
Udal berriak eratu ondotik, gaur aldatu dute Uemako zuzendaritza batzordea. Zestoan (Gipuzkoa) egin dute bilkura hainbat hautetsik. EAJko ordezkariak ere han izan dira, eta zuzendaritza batzordean sartzea onartu dute; aurreko legegintzaldian ez zuten egin. Zestoako Josetxo Mendizabal eta Gatikako Lexuri Arrizabalaga izango dira jeltzaleen ordezkariak. Bilduren izenean, Belastegi bera, eta Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia), Miren Irigoien (Oiartzun), Eneka Maiz (Etxarri Aranatz) eta Mikel Ansotegi (Aulesti) izango dira. Talde independenteetatik Asier Mujikak (Arama) eta Oibar Egiak (Gizaburuaga) hartuko dute parte, eta Aralarretik, Jon Abrilek (Bera).
61 udalerri daude gaur egun Ueman, eta, udaletako aldaketen ondoren, beste dozena batek azaldu dute nahia kide izateko.