Baldintzapean aske geratu ziren atzo joan den larunbatean Basaurin (Bizkaia) atxilotu zituzten lau gazteak. Baldintzapeko askatasunaren truke, bakoitzak bi mila euroko bermea ordaindu behar izan du, etxetik hurbilen duten epaitegira joan beharko du astelehenero, eta Espainiako Estatutik irteteko, epaile baten baimena beharko dute guztiek.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak autoan jakinarazi du ikerketa hasierako fasean dagoela, eta oraindik zenbait eginbide «egiteke» eta beste zenbait berriz «jada martxan» daudela.
Bermepean aske uzteko, atxilotuen egoera ere kontuan hartzen dela dio Pedraz epaileak bere idatzian; bai familian duten egoera, bai egoera soziala eta baita ikasketei dagokiena ere. Epailearen aurrean atzo egin zituzten deklarazioetan euren konfiantzazko abokatuekin egon ziren gazteak.
Berri agentziek azaldutakoaren arabera, Bilbon telefono hedagailu bati su ematekotan zeudela atzeman zituzten larunbat goizean Liher Bilbao, Iker Hernandez, Ibon Santamaria eta Eneko Eguren atxilotuak. Kale borrokarekin lotzen dute 19 eta 22 urte bitarteko gazte horiei leporatutako ekintza.
Epailearen autoak dio Zigor Kodearen 577. artikuluan oinarrituta hiru urtera bitarteko kartzela zigorra izan lezakeela sutea nahita eragiteak.
Bermea ordainduta, aske geratu dira Basaurin atxilotutako gazteak
Bina mila euro ordaindu, eta astero epaitegira joan beharko dute; ezingo dira irten Espainiako Estatutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu