Bermeen inguruko eztabaida (eguneko laburpena)

Hildako bakarra izan da Euskal Herrian koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. PCR bidezko 38 positibo atzeman dituzte igandean, Nafarroan gehienak (30).

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uztailaren 12rako deitu ditu Legebiltzarreko hauteskundeak. IREKIA
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 18a
19:04
Entzun

Izurriaren bilakaeraren ikuspuntutik, azken egunetako datuak apaltze fasearen lekuko izan dira, gorabehera bat edo beste kenduta, eta datuen inguruko nahasmena alde batera utzita. Gaur argitaratutakoak bide beretik doaz, baina ez da falta kezka iturririk. PCR bidezko 38 positibo atzeman dituzte igandean, Nafarroan gehienak (30). Araban, bi, eta Bizkaian, sei. Gizpuzkoan, bat ere ez. Beste herrialdeekin edo beste autonomia erkidegoekin alderatuta, Nafarroako PCR positibo kopurua handia da. Baina gainerako datuak onak ditu: ez da izan ospitaleratze berririk laugarren egunez jarraian, eta ez da izan hildakorik. EAEn, beste lagun bat ospitaleratu dute, eta pertsona bat hil da. Beraz, hildako bakarra Euskal Herrian. Osasun Ministerioaren txostenak ez du zuzendu atzerapena EAEren kasuan: gaur larunbateko datuak eman ditu.

Hauteskundeak. Ez da izan ustekaberik. Urkullu lehendakariak uztailaren 12rako deitu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Eusko Jaurlaritzak amaitutzat jo du osasun larrialdiaren fasea, eta osasun zaintzako fase bati ekin behar zaiola dio Urkulluk gaur sinatutako dekretuak. Osasun berme nahikorik dago hauteskunde prozesua eta hauteskundeak berak egiteko? Berme demokratiko nahikorik aukera guztien berdintasuna ziurtatzeko? Bi galdera horien inguruko adostasun zabala falta da, deialdiaren osteko balorazioek agerian utzi dutenez.  

Joan den astean, alderdien mahaian Urkulluk aurkeztutako segurtasun txostenean argi azaltzen zen hauteskundeak egin ahal izateko neurri berezi ugari hartu beharko zirela. Arazo nagusietako bat hauteslekuetan izango da, botoa ematerakoan gutxieneko urruntasun fisikoa bermatzeko, eta kabinen erabilerarekin eta boto kontaketarekin lotutako jardueretan segurtasuna bermatzeko. Baina txostenak ez zuen kontuan hartzen hauteslekuetan pilaketak eragotzi nahian posta bidezko botoa bultzatzeak posta bulegoetara eraman dezakeenik arazoa. Azken batean, posta bidezko botoa ere aurrez aurrekoa da, bi aldiz, lehenik eskaera egiteko unean, eta bigarrenik botoa bidaltzekoan. Horrez gain, kasu berrien jarraipenarako estrategia sendo baten edo horri buruzko informazio xehearen falta sumatu da.

Berme demokratikoei dagokienez, aukera politiko guztiek berdintasunez lehiatu eta haustesleengana iritsi ahal izatea ziurtatu beharko litzateke. Konfinamendua arintzeko prozesu batean, hautesleen eta alderdien arteko harremanak mugatuak izateko arriskua dago.

Arintze faseak. Lehen fasearen bigarren astean, neurri batzuk malguagoak izango dira gaurtik aurrera Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleentzat. 

AGIAN HONEK ERE MEREZI DU

Agur BERRIA Aretoari. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, eta martxoaren 14an alarma egoera eta konfinamendua ezartzearekin batera, kultur ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren. Euskal kulturarentzat sortutako hutsune eta geldiunearen aurrean, BERRIAk areto digital bat zabaldu nahi izan zien sortzaileei. Guztira, 127 emanaldi eskaini ditu, azkenak bihar. BERRIA Aretoak bihar itxiko du leihoa, euskal kulturari ikusgaitasuna emateko helburua beteta. Aretoan aurkeztutako bideoek, guztira, 109.000 ikustalditik gora izan dituzte. 

Hiria berrasmatu. New York zertan ari den kontatu digu Kirmen Uribek azken podcastean: hiria nola berrasmatu, nola egin bizigarriago. Hiritarrak idazten ari dira, proposamenak egiten udalari. Ospitaleak gehitu, bizikletentzako bide gehiago, baratzeak orube hutsetan...

Oharra: eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronobirusaren buletinera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.