Josep Antoni Duran i Lleida (Unió): “Ni eta nire alderdia ez gara independentziaren aurkakoak, baina ez dugu Via Catalanak independentziarako duen leloarekin bat egiten”. Horrez gain, jakinarazi du ez duela Diadan parte hartuko Panamara joan behar duelako. Uniók talde bezala ere ez du parte hartuko nahiz eta hainbat ordezkarik, beren kabuz, agertzeko asmoa azaldu duten.
Josep Rull (CDC): “Diada erabili behar dugu Katalanok dugun onena Espainiari eta nazioarteari erakusteko”. Diada ospakizun eta aldarrikapen eguna izango dela pentsatzen du, eta espero du egun honek erakutsiko diola Espainiako Gobernuari “konponbidea hautestontzietan” dagoela. Horrez gain, nazioartean aldarrikatu nahi du Kataluniaren erabakitzeko eskubidea.
Espainiako Kongresuan CiUko ordezkari Josep Sanchez Llibrek esan du Artur Mas eta Mariano Rajoyren arteko “zubiak geroz eta sendoagoak” direla. Horrez gain, bien arteko elkarrizketak bi aldeentzat irtenbide ona izatea espero du, “objektiboa eta errealista” izatea.
Muriel Casals (Òmnium Cultural-eko presidentea): “Gure herrian askatasun osoz biziko den lehenengo belaunaldia izango gara”. Katalunia herria eta katalana hitz egiten duten beste herrien arteko batasuna defendatu du. “Duela 300 urte metraila jasan bagenuen, orain euria jasango dugu”. Alderdi politikoei giza katea ikusteko eskatu die eta uste du Kataluniak “pauso garrantzitsua” emango duela.
Salvador Esteve (Bartzelonako Diputazioko presidentea, CiU): “Diada ez da amaiera, Kataluniaren askatasun nazionalaren berreskuratzearen hasiera baizik”.
Jordi Portabella (ERC): Bandera independentista “herritarrek” jarri dutela nabarmendu du, “Kataluniaren gogo aldartearen isla da”. ERC alderdiak gaineratu du espero duela erabakitzeko eskubidearen alde “hainbatek begiak zabaltzea”. Eta eskatu du kontsulta ahal bezain laster egiteko. Horrez gain, espero dute euria egin arren “arrakasta” lortuko dutela, eta herritarren gehiengoak Kataluniaren etorkizunari buruz botoa emateko duen grina azalduko duela.
Joan Carles Gallego eta Josep Maria Alvarez (CCOO eta UGT): “Katalanok nahi duguna erabakitzeko eskubidea dugu”, adierazi du Gallegok. Horrez gain, txirotasunik gabeko eta berdintasunean oinarritutako Katalunia baten alde dagoela adierazi du. Alvarezek, berriz, UGTko kide guztiek “libreki eta demokratikoki” giza katean parte hartu dezaketela. Eta eskatu du Diada “inflexio puntua” izateko ekonomikoki eta sozialki.
Joan Herrera eta Joan Josep Nuet (ICV eta EUiA): Herritarrak parte hartzera eta murrizketen aurkako mezu bat pentsatzera deitu ditu. “Artur Mas eta Mariano Rajoyk ez dute Kataluniako herriaren izenean erabaki behar”, adierazi du Nuetek.
Oriol Junqueras (ERC):"Gaur, banan-banan, herriz herri, historia egingo dugu. Elkarrekin ezarriko dugu gure borondatea errealitate bihurtzeko bidea", idatzi du Twitter sare sozialean ERCko buruak.
Avui, d'un en un, poble a poble, farem història. I junts marcarem inequívocament el camí per fer realitat la nostra voluntat #ViaCatalana
— Oriol Junqueras (@junqueras) September 11, 2013
David Fernandez (CUP): Sare sozial horixe bera baliatu du CUPeko parlamentari David Fernandezek Diadari buruzko mezu bat plazaratzeko: "Eta euria egiten badu, euritara aterako gara. Oroimenaz blai, askatasunez blai".
I si plou, sortirem a la pluja. Xops de memòria, xops de llibertat. #ViaCatalana
— David #CUP #Tram410 (@HiginiaRoig) September 11, 2013
Jaume Bosch (Sant Boi de Llobregat-eko alkatea): Bosch alkate sozialistak ANCk antolatutako giza katean parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta gaineratu du bere hiritik pasako balitz berak ere, seguruenik, parte hartuko lukeela. Nabarmendu du alkate gisa pentsatzeko era guztietako herritar asko ordezkatu behar dituela. “Via Catalanan parte hartzera deitzen ditut herritarrak, aldarrikatzeko eta herritarrek iritzia emateko lekua delako, eta hori egiteko eskubide osoa dutelako”.
Pere Navarro (PSC): Navarrok azaldu du PSC alderdiak Katalunia eta Espainiaren arteko “harreman berri” baten aldeko apustua egiten duela, baina negoziazioetan “akats taktikoa” iruditzen zaio Artur Masek kontsulta egiteko data jartzea. “Data jartzea negoziazioak gaizki hasteko modua da”, adierazi du. Kontsulta, bere ustez, ez da “proiektu bat izan behar bere horretan”.