Efe berri agentziak zehaztu duenez, Guardia Zibilaren polizia operazioan hogeitabat dira guztira atxilotuak, eta horietatik hamabost, Euskal Herrian atxilotutakoak. Albiste agentziek gaineratu dute aurretik hogei lagun baino gehiago atxilotzea espero dutela. Araña deitu dute polizia operazioa, Barne Ministerioaren arabera.
Interneten terrorismoa goratu dutelakoan atxilotu dituzte, eta operazioa bihar arte luzatu daitekeela esan dute albiste agentziek, ikerketa daramaten iturriak aipatuz. Barne Ministerioak zehaztu du beste bostak Espainian (Gaztela-Leonen eta Asturiasen), Galizian eta Katalunian atxilotu dituztela. Atxilotuetako bi adingabeak dira.
"ETAren terrorismoa goratzekok ustezko delituak burutzeko sare sozialen erabilera publikoa" leporatu die Barne Ministerioak zehazki. Gaineratu duenez, sakelako telefonoak eta informatika gailu eramangarriak kendu dizkiete atxilotuei.
"Iruzkinen helburuak"
Oharraren arabera, atxilotuek egin dituzten iruzkinen helburuak dira, beste batzuen artean, "oraindik aktibo dauden erakunde terroristek atentatuak burutzen jarraitzea", "izan diren atentatuak goratzea", "epaituak eta zigortuak izan diren terroristak goratzea", "askatuak izan diren terroristei ongi etorria ematea", "pertsona zehatz batzuen kontrako ekintza terroristak adierazi nahi izatea" eta "terrorismoaren biktimek jasan dituzten kalte fisikoei erreferentzia iraingarriak egitea".
Albiste agentziek aurretik zabaldu dutenez, "ETA biktimetaz barre egitea leporatuta" ari da burutzen operazioa Guardia Zibila, eta albistean Irene Villa eta Fernando Trapero aipatzen ditu; Europa Pressek, berriz, Miguel Angel Blanco aipatzen du. Zehazki, Twitter eta Facebook sare sozialetan ustez idatzitakoengatik ari dira atxilotzen herritar horiek. Espainiako Zigor Kodean bi urte arteko espetxe zigorrarekin zigortzen da delitu hori.
Eferen arabera, jihad musulmanen gerra santuaren apologia egitea ere leporatzen zaie zenbaitzuei.
Gutxienez, zazpi euskal herritar
Atxilotu guztien nortasunak oraindik ezezagunak dira, eta soilik goizean ezagutu diren bakan horienak dira ezagunak: Asier Gartziandia Arbitzuk atxilotu dute, Zuriñe Peral Gernikan eta Karmele Dorronsoro Ormaiztegin. Albiste agentzien arabera, horiez gain beste hiru bizkaitar eta arabar bat ere badira. Bizkaitarren artean, gainera, adingabe bat dagoela dio Efek.
Zuriñe Peral, Guardia Zibilak gaur atxilotua,ordu beten aske geratuko da, epailearen aurretik pasa gabe #AtxilotuakAskatu#TxiolariakAskatu
— Andoni Rojo (@andoni_rojo) abril 28, 2014
Albiste agentziaren informazioaren aurretik ezer gutxi zabaldu du Espainiako Barne Ministerioak. BERRIA bitan jarri da eurekin harremanetan, eta bigarrengoan onartu dute bazela polizia operazio bat abian, eta atxiloketa gehiago izan zitezkeela. Ez dute ezer gehiago adierazi, ordea.
informazio nahasia
Goizean informazioa nahasia zen, eta kasu bakan batzuk baino ez dira zabaldu. Arbizun Asier Gartziandia atxilotu dutela jakinarazi du Ahotsa.info atariak. Atxiloketa hainbat bizilagunek ikusi dute, nola bota duten lurrera, eta nola eraman duten ondoren. Iruñean dela, senideekin hitz egin ahal izan duela eta deklaratu ostean aske utziko dutela baieztatu du atari horrek.
Gernikan Zuriñe Peral bilbotarra atxilotu dutela zabaldu da ondoren sare sozialetan. Gero Ormaiztegiko alkateak arratsaldeko lehen orduan Goierriko Hitzari baieztatu dio Gipuzkoako herri horretan Karmele Dorronsoro atxilotu duela Guardia Zibilak. Atxiloketa hori 09:30ean izan da.
Euskal herritar gehiago ere badira, baina, atxilotuen artean, Eferen arabera lau baitira atxilotutako bizkaitarrak, eta horietatik bat adingabea da. Aiaraldea.com atariaren arabera, laudioar gazte bat ere atxilotu dute, hori Bilboko Termibus geltokian.
Operazioa Galizian, Asturiasen (Espainia) eta Bartzelonan ere burutu duela gaineratu du Efek. Sare sozialetan, ordea, Leon-en (Gaztela-Leon, Espainia) Aitor Cuervo atxilotu dutela zabaldu dute.