Argia Sariak

'Berria'-k jaso du Merezimenduzko Argia Saria, eta 'Berria'-ko Nazioarteko Sailak Prentsa Idatzikoa

'Argia' astekariak urtero eman ohi dituen kazetaritza sariak gaur arratsaldean banatu dituzte Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Txitxardin Beltxa jatetxean. 'Berria' egunkariarentzat izan dira Argia Sarietako bi: Merezimenduzkoa 'Berria'-k berak jaso du, eta Prentsa Idatzikoa, berriz, 'Berria'-ko Nazioarteko Sailak. Irratikoa Aritz Agirre Euskadi Irratiko Madrilgo korrespontsalarentzat izan da, Telebistakoa Iban Garate ETBko aurkezlearentzat, eta Sareko Argia Saria, azkenik, Susa argitaletxearen web orriarentzat.

2004ko urtarrilaren 23a
19:36
Entzun
'Berria' egunkaria izan da aurten 'Argia' astekariak urtero eman ohi dituen kazetaritzako Argia Sarietako protagonista nagusia. Batetik, banatu dituzten bost sarietatik bi kazeta horrentzat izan dira: Merezimenduzkoa 'Berria' berarentzat —'Egunkaria' itxi ostean euskara hutsezko egunkari bat bizkortasun osoz abian jartzeak duen meritua aintzatetsiz—, eta Prentsa Idatzikoa kazeta bereko Nazioarteko Sailarentzat, atal horrek egin duen kalitate handiko lanagatik.

Dena den, 'Berria'-ren eta 'Egunkaria'-ren inguruko aipamenak ez dira horretara mugatu. Irratiko Saria jaso duen Aritz Agirre Euskadi Irratiko Madrilgo korrespontsalak, adibidez, Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko Aministrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria izan du gogoan saria eskertzeko unean, eta hurrengo eman nahiko lukeen albistea haren askatzeari buruzkoa dela nabarmendu du.

Telebistako Iban Garate ETBko aurkezle gazteak jaso du, eta Sareko Argia, ostera, Susaren web orriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.