BERRIA kalitatekoa eta plurala da, erosle eta harpidedunen iritziz

Harpidedunek eta kioskoetako erosleek 7,8ko batez besteko puntuazioa eman diote euskarazko egunkariari

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Berriaren sorrerak berak eragindako zurrunbiloaren ostean, euskarazko egunkariak ahalegina egin du bere harpidedunak, kioskoetako erosleak, irakurleak eta horiek egunkariaz duten iritzia zein den hobeto jakiteko. Horretarako, inkesta bat agindu zion Aztiker Soziologia Ikerguneari. Inkestan, 1.028 elkarrizketa egin ziren iazko azaroaren 7tik 21era, telefonoz: 881 harpideduni eta 31 kioskotako 147 erosleri. Horiek guztiek Berriari buruz duten iritzia jakiteko, 14 egunetako 246 orrialdeetan argitaratu ziren 620 albisteren irakurketari buruz galdetu zieten.

harpidedun, erosle eta irakurleen ezaugarriak

- Sexua:
Gainerako egunkarietan ez bezala, gizonezkoen eta emakumeen arteko oreka dago Berriaren harpidedun, erosle eta irakurleen artean, ia erdibana banatuta baitaude: gizonezkoak %52,5 dira eta emakumeak %47,5. Hegoaldeko prentsa irakurleen banaketa desorekatuagoa da: gizonezkoak %55,9 dira eta emakumezkoak %44,1.g Adina: Berriaren harpidedun eta erosleen batez besteko adina 40,5 urtekoa da; etxeko irakurleena, berriz, 39,6 urtekoa. Izan ere, 25-54 urte artekoak dira Berriaren harpidedun eta erosle gehienak, lautik hiru baino gehiago (%78). Tarte horretan 35-44 urte artekoak dira gehienak: harpidedun eta erosle guztien ia herena (%31). 25 urtetik beherakoak eta 55 urtetik gorakoak gutxiago dira, %9 eta %13 hurrenez hurren.g Ikasketak: Berriaren bost harpidedun, erosle eta irakurletik hiruk (%61ek) unibertsitate ikasketak dituzte. Ikasketa maila altua izatea da, beraz, beren bereizgarrietakoa bat. Ezaugarri hori are nabarmenagoa da beste egunkari batzuekin eta populazioarekin alderatuz gero. Aldiz, oso gutxi dira ikasketarik gabekoak edo oinarrizko ikasketak bakarrik dituztenak: harpidedun, erosle eta irakurleen %7,5.g Lanbidea: Berriako harpidedun eta erosleen artean lautik hiru baino gehiago lanean edo lan bila ari dira (%84). Langabezian daudenak %4 dira. Lanean ari direnen artean, pisu handia dute irakasleek: harpidedun eta erosle guztien %26 dira irakasleak. Aztikerren esanetan, «iritzi liderrak izan daitezkeen herritar multzoen presentzia handia bezain ezohikoa da Berriako harpidedun eta erosleen artean».

EUSKARA

- Ezagutza:
Berriaren harpidedun eta erosleen %91,5ek erraz egiten dute euskaraz, elkarrizketak egin zituzten teknikarien arabera. Harpidedunek eta erosleek beraiek onartu dutenez, %42k hobeto egiten dute euskaraz gaztelaniaz baino; %31k, aldiz, hobeto egiten dute gaztelaniaz euskaraz baino. Gainontzeko %27ak berdin moldatzen dira bi hizkuntzetan.g Ulermena: Elkarrizketatutako lagunen %69k diote erraz ulertzen dutela Berriako euskara. %6,5ek baino ez dituzte bertako euskara ulertzeko zailtasun handiak. Gaztelaniaz euskaraz baino hobeto irakurtzen dutenen artean, %49k ere erraz ulertzen dute. Adina garrantzitsua da jendeak aitortutako ulertzeko gaitasunean, zenbat eta zaharragoa, orduan eta eskolatze eta alfabetatze maila baxuagoa baita. Datuek hala erakusten dute: 26 urte bitarteko gazteen %88k ez dute inolako arazorik Berriako euskara ulertzeko; 55 urtetik gorakoen artean, berriz, %62 dira.

OHITURAK

- Beste egunkariak: Berriaren harpidedun eta erosleen %66k onartu dutenez, Berria da beren lehen egunkaria: hau da, Berria bakarrik erosten dute edo denbora gehiago pasatzen dute Berria irakurtzen beste egunkariren bat irakurtzen baino.g Iraupena: egunkariaren irakurketari dagokionez, harpidedunen eta erosleen %34k ordu erdi baino gehiago pasatzen zuten Berria irakurtzen.

MOTIBAZIOA

- Harpidedun edo erosle izateko arrazoiak: Berriaren sorrera berezia izan zen: otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi eta Egunero-k egindako zubi-lanaren ostean sortu zen, gizartearen laguntzari esker. Beraz, logikoa da, harpidedun eta erosleen motibazio nagusietako bat euskararen eta euskal nortasunaren defentsari lotutakoak izatea. Elkarrizketatuen %47k aipatu zuten horrelako argudioren bat eta %42k Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera: euskaraz delako (%30), euskararen aldeko militantziagatik (%11), euskarazko egunkaria beharrezkoa delako eta proiektuarekin bat egiten dutelako (%5,5), euskalduna delako (%4)... Aurreko datuek ez dute esan nahi, ordea, horiek direnik Berria erosteko arrazoi nagusiak edo bakarrak. Aztikerreko arduradunen esanetan, «Berria produktu atipikoa da: herri atipiko batean, une atipiko batean sortu eta garatu dena».

EDUKIA

- Gehien gustatzen zaiena: Harpidedun eta erosleek egunkariaren izaera eta kalitatea nabarmendu dituzte batez ere. Sailei dagokienez, Iritzia, Kultura, Gehigarriak eta Euskal Herria dira gustukoenak. Interes handienarekin irakurritakoak honako hauek dira: Euskal Herria, Iritzia, Kultura eta Harian. Gehien irakurtzen direnak, berriz, azken orria, Euskal Herria, Harian, Kultura eta Iritzia dira.g Tartea: Harpidedun, erosle eta irakurleek mendiari eta bidaiei buruzko gaiak dituzte gustukoenTartea gehigarrian: %74k dute interes handia gai horietan. Osasuna, elikadura eta sexualitatea ere oso gustukoak dituzte.g Mantangorri: Berria jasotzen duten etxeen heren batean haurrak dituzte (%34). Etxe horietatik ia bi herenetan (%63) haurrek Mantangorri gehigarria erabiltzen dute edo gehigarriarekin jolasten dira.

ONDORIOAK

- Kalitatea:
Harpidedun eta erosleen bi herenen iritziz, Berria espero zuten baino egunkari hobea da: hobea %60rentzat eta askoz hobea %6rentzat. %32rentzat, berriz, espero zutenaren neurrikoa da.g Izaera: Inkestan euskarazko egunkariaren kalitateari, pluraltasunari eta independentziari buruz galdetu diete harpidedun eta erosleei: kalitatekoa da %93rentzat, plurala %90entzat eta independentea %87rentzat.

-Balorazioa: Bukatzeko, harpidedun eta erosleei Berriari 0 eta 10 bitarteko puntuazioa emateko eskatu zieten: batez besteko puntuazioa 7,8koa da, oso ongi baten parekoa. %16k esan zuten Berria bikaina dela.

-Berotasuna: Aztikerrek azpimarratu du harpidedunek eta erosleek galderei erantzutean izan duten jarrera prestua eta berotasuna. Inkestan ugariak izan dira Berria egiten dutenentzako babes eta animoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.