Komunikazioa

‘Berria.info’ da euskaraz aritzen diren Twitter erabiltzaileen informazio iturri nagusia

Umapek, Twitterren euskaraz aritzen direnen jarduna neurtzen duen behatzaileak, maiatzeko datuekin eginiko analisia kaleratu du. 275.000 txio antzeman ditu euskaraz, ia 5.000 laguneko euskaldun komunitate aktiboan.

Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 20a
19:38
Entzun

Berria.info ataria da euskaraz aritzen diren Twitter erabiltzaileak gehien partekatzen dute informazio iturria. Guztira, 7.039 txio eragin zituen webguneak maiatzean. Balore absolutuetan YouTube atariak txio gehiago eragin zituen, 11.594 guztira. Haatik, bideo ataria erabiltzaileek elikatzen dutenez, eduki propiak zabaltzen dituen webgune txiokatuena da Berria.info. BERRIAko atarian gehiago txiokatzen dira paperako edukiak Interneterako propio sortzen direnak baino.

Umapek maiatzeko datuekin ateratako analitikan atera daitezkeen ondorioak dira. Twitterren euskaraz aritzen diren erabiltzaileen jarduna neurtzen du Umapek. CodeSyntax etxeak garatu du behatzailea. Txio kopuru absolutuetan, Youtube eta Berria.info-ren atzetik datoz Argia.com (3.699), eitb.com  (3.457) eta naiz.info (2.273).
Balore absolutoez gain, interes ratioa ere atera dute CodeSyntaxekoek, hau da, txio eta  URL proportzioa. "Zatiketa sinple bat da. Zenbat txiotan agertzen da domeinua, baina zenbat orrialde desberdinetakoak diren”, azaldu du CodeSyntaxeko Luistxo Fernandezek. Argia.com ataria da interes ratio altuenetakoa duena: 8,45. 438 eduki desberdinekin ia 3.700 txio sortu dituzte. Eitb.com atariak, berriz,  eduki gehiago ditu —1.354— baina aipu gutxiago eragin ditu —3.457—.  Berria.info ondo kokatua agertzen da. 5,74eko interes ratio du, hots, 1.370 edukik 7.039 txio eragin dituzte. Badaude interes ratio askoz ere altuagoak dituzten webguneak, Eraldab.net, Jakintzalibre.org eta Larrabetzu.org, esaterako. 20 puntu inguruko ratioak dituzte, baina gertaera zehatzekin erlazio zuzena izan dezaketela uste dute CodeSyntasekoek.
Bestetik, aipatu den URL bakoitzak zenbat erantzun izan dituen neurtu dute, eta eztabaida ratioa atera. Proportzio horretan, Argia-k 0,90eko ratioa du. Berria.info-k, berriz, 0,77koa. Datu honekin kontuz ibili behar dela ohartarazi du Fernandezek. “Badaude webgune batzuk oso eztabaida gutxi ematen dutenak, informatiboak baitira”. Eduki motaren arabera, webguneak eztabaida pizteko duen gaitasuna aldatzen da. “Topatu.info-k  txio asko jasotzen ditu, baina ez ditu erantzun askorik sortzen”.
Umapen twitterlari aktiboenen sailkapena egin duten antzera, gehien erabiltzen diren informazio iturrien sailkapena ateratzeko asmoa dute aurki. “Denon eskura jartzeko datu interesgarria iruditzen zaigu”, dio Fernandezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.