BERRIAlaguna jaia ospatuko dute bihar Asteasun, euskarazko hedabide taldearen alde. 18:30ean ekingo diote festari, trikitixa eta alboka kalejirarekin. 19:00etan ekitaldia izango da Apretone etxe aurrean: BERRIAko ordezkarien ongi-etorri hitzak, Pello Errota eskolako haur abesbatzaren emanaldia eta Andoaingo Udal Musika Eskolako bandaren saioa. 20:30ean plazan festaren jarraipena: parrillan egindako sardina-jana, eta toka lehiaketa. 22:00etan otarraren zozketa.
Udalak eta herritarrek antolatu dute Zure ziztada behar dugu kanpainaren aldeko festa.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpaina bigarren fasean da, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Dagoeneko hiru mila erdietsi ditu.