Datorren astean amaituko den urteak garrantzi handiko albisteak utzi ditu Euskal Herrian eta nazioartean. Izan dira, esaterako, departamendu eta eskualde bozak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta udal, foru eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Urtean zehar BERRIAren webgunean gehien kontsultatutako loturen artean daude hiru bozetarako antolatutako webgune bereziak.
Gehien irakurritako artikulua, ordea, ez da albiste bat, Lander Garroren gogoeta bat baizik. Idazleak Rui Pereiraren ikasgaia idatzi zuen maiatzean, La Sexta katean Iñaki Rekarte preso ohiari eginiko elkarrizketaren harira.
Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin ohi da urtarrilero, baina aldarri horren aurkako polizia operazioa izan zen albiste urtarrilaren 12an. Hamasei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, gehienak abokatuak, eta presoen alde bi egun lehenago eginiko manifestazioan bildutako dirua eraman zuen.
Zeresan dezente eman zuen, halaber, Oihan Vitoria kazetariak irailean Jose Luis Etxeberria Porru 1981etik 2012ra Arrasateko udaltzainburu izandakoari eginiko elkarrizketak: "Frogatu genuen droga kuarteletik ekartzen zutela, baina ez zen komeni jakitea".
Kultur arloan, lapurtera klasikoan idatzitako lehen lanaren aurkikuntzak izan zuen oihartzuna. Esteve Materrak 1617an argitaratu zuen Doctrina Christiana.
Anaia auto istripuz hil ostean, bizitzari buruzko gogoeta idatzi zuen Julio Soto bertsolariak. Gehien irakurritakoen artean dago Sotok idatzirikoa ere.
Umoreak ere lekua izan du gehien zabaldu diren artikuluen artean. Harridura, umorea... sare sozialetan erreakzio ugari izan zituen Ondarroan agertutako kartel batek. "Baimenduak izan ezik bat eskatu nizun baina eskatu bi olakoak", zioen kartelak.
"Jaun-andreok, ezkerraldean ere euskara bizirik dago, eta ilusio guztiarekin hedatzen ari gara". 19. Korrikaren testuinguruan, La lengua vasca ha muerto izenburu probokatzaileko artikulua idatzi zuen Maisha MC rap kantariak. 5.000 lagunek baino gehiagok irakurri zuten.
ETAko lehen emakume liberatuetako bat izan zen Arantza Arruti, Burgosko Prozesuan epaitua eta hainbatetan torturatua. Iraganeko oroitzapenak eta gaur egungo gogoetak uztartu zituen Edu Lartzangurenek azaro amaieran eginiko elkarrizketan.
Otsailean, ezohiko eszenatoki batean kontzertua jo zuen Berri Txarrak taldeak; Fresnesko espetxean. Gorka Urbizu kantariak idatzitako kronika ere aurten gehien irakurritakoen artean dago.
EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren mailari eta beharrezkotasunari buruzkoa izan da urteko eztabaidetako bat. Horren inguruan idatzi zuen Andoni Egañak Gaitasun agiria: "Ibilian-ibilian ikasten da gidatzen; hitz eginez euskaraz".