Berriz bete dira plazak

M-15 gizarte mugimenduak milaka pertsona bildu ditu Euskal Herrian egin diren mobilizazioetan

Manifestazio jendetsua egin zuten Bilboko kaleetan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«%99 gara!», oihukatu dute mundu osoan ehunka mila pertsonak M-15 gizarte mugimenduarekin bat egin duten hamaika manifestaziotan. Euskal Herrian ere oihartzuna izan du justizia soziala eskatzeko mugimenduak, eta hiriburu nagusietan mobilizazioak egin dira, «demokrazia erreala» eskatzeko. Euskal Herrian, Baionan, Donostian, Irunen, Gasteizen, Iruñean, Tuteran eta Bilbon antolatu zituzten elkarretaratzeak, eta erantzun zaratatsua eman zuten parte hartzaileek. Banketxeen aurkako oihuak egin zituzten; azken murrizketen tamainaren aurkako jarrera kritikoa agertu zuten, eta borrokatzen jarraitzeko aldarrikapena egin zuten, besteak beste.

Euskal Herrian egin ziren deialdietan, Donostiakoa izan zen jendetsuena, Benetako Demokrazia Orain kolektiboak emandako datuen arabera. 5.000 lagun bildu ziren Bulebarretik abiatutako martxan; Bilbon, berriz, 3.000, «esperotakoa baino gutxiago», aitortu zuten deitzaileek. Gainerako bost mobilizazioetan milaka pertsona bildu ziren.

Denetariko jendea elkartu zen, gainera. «Non daude zarpatsuak?», galdetzen zuten, besteak beste, Bilboko manifestazioan. Amona bat bilobarekin zihoan, fraide bat sotana eta guzti, adineko jendea, gazteak eta beste. Mobilizazioan elkartu zen aniztasunaren adierazle dira adibide horiek. Manifestazioak, gainera, umoretsuak, alaiak eta koloretsuak ere izan ziren. Batukada erritmoak, oihu erreibindikatiboak eta kartel ugari ikus zitezkeen. Txapelak eta beste hainbat arropa hori zeraman jendeak, M-15 mugimenduaren kolorea soinean zutela.

Manifestazioak amaitutakoan, askok oraindik ez zekiten duela urtebeteko kanpaldiak berriz egingo ote zituzten; «hainbat pertsonak asmoa daukate, baina oraindik ez dago ezer erabakita», Bizkaiko M-15eko ordezkari batek zioenez. «Inprobisatzen joango gara», zehaztu zuten antolatzaileek. Manifestazioan bertan, lo zakuak soinean zituenik bazen; beraz, Arriaga plazan kanpatzeko jarrera bazeukan baten batek, gutxienez.

Ekiteko deia, Bilbon

M-15 kolektiboko parte hartzaileek Arriaga plazan egin zen amaiera ekitaldian irakurri zuten manifestuan, gainerako gizarte eragileekin batera borrokatzeko deia egin zuten. «Aldarrikapen antzekoak bultzatzen dituztenekin baino ez dugu lortuko demokrazia parte hartzailea», adierazi zuten. Besteak beste, «kapitalaren diktadura desagertzearen alde, ekonomia iraunkor eta bidezkoaren alde, lan duina izateko eskubidearen alde eta gizarte desberdintasunaren aurka» borrokatzeko deia egin diete gizarte eragileei. Horregatik, Ekin dezagun! leloa aukeratu zuten manifestaziorako. Atzoko manifestazioa bera dozenaka gizarte eragilerekin batera iragarri zuten.

Urtebete igaro da Madrilgo Puerta del Sol plazan mugimendu soziala sortu zenetik. Orduz geroztik, plazaz plaza zabaldu dute euren mezua, eta «bestelako mundua lortzea beharrezkoa» dela aldarrikatu dute. Horretarako, krisi ekonomikoa sortu duten «errudunak seinalatzea beharrezkoa» dela adierazi dute.

Oraindik ez da gelditu mugimendua, eta hainbat ekintzaren bidez aurrera jarraitzeko jarrera irmoa ere erakutsi dute. Horren lekuko dira, esaterako, maiatzerako antolatu dituzten ekitaldiak. Batzar bidezko jarduerak antolatu dituzte Maiatza Globala deritzon programazioaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.