Berriz epaituko dute senarra hil zuen Tafallako andrea

Nafarroako Auzitegi Nagusiak absoluzioa bertan behera laga du, fiskalak egindako eskaria aintzat hartuz

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Maria Pilar Marcos tafallarraren aurkako epaiketa berriz egiteko agindu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Iaz epaitu zuten senarra hil izana egotzita. Epaileak absolbitu egin zuen, leporatzen zitzaizkion ekintzak ez zirela behar bezala frogatu iritzita. Fiskalak epaia bertan behera uzteko eta epaiketa berriz egiteko eskatu zuen. Auzitegi Nagusiak onartu egin du helegitea. Oraingoan beste epaile batek eta beste herri epaimahai batek epaituko dute.

Marcos absolbitu zuen epaian «kontraesanak» daudela dio Auzitegi Nagusiak. Adibidez, kontraesana iruditzen zaio honakoa baieztatzea: epai hartan Marcos senarrari heriotza eragin zion labankadaren egilea zela onartzen zen, ez zuten frogatutzat jo ezbeharrez gertatu zenik, baina, hein berean, ez zuten hiltzailetzat jo. Kontraesan horiek ekintzen izendapen juridikoan eragin zuzena dutela dio Auzitegi Nagusiak, eta hori da epaia ontzat ez hartzeko arrazoietako bat.

Fiskalak hilketa delitua egotzi zion Marcosi, eta 11 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Defentsako abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, akusatuak bere burua defentsa egin zuela argudiatuta. Gainera, «bere senarraren beldur zela, eta tratu txarrak jasandako emakumearen sindromea» zuela ere ohartarazi zuen. Fiskalak, baina, ez zuen aintzakotzat hartu hori. Bai, ordea, epaimahaiak. Ezkondu zirenetik tratu txarrak jaso izana, akusatuari erantzukizuna kentzeko arrazoitzat jo zuten epaian.

Epaimahaiak frogatutzat jo zuen senar-emazteek eztabaida gogor bat izan zutela. Senarrak emaztea jo zuen, eta honek ondoko mahaian zegoen labanarekin zauritu zuen hildakoa. Hortik aurrera zer gertatu zen erabakitzerakoan ez zen adostasunik egon epaimahaiko kideen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.