Igor Peñalva. Fisikari nuklearra

«Berriztagarriek ez dute gure energia eskaera asetzen»

'Berria.info'-n irakurleek aukera izan dute, energia nuklearra hizpide hartuta asteotan piztu den eztabaidaren harira, Igor Peñalva fisikari nuklearrari galderak egiteko. Japoniaz aritu da, eta Euskal Herriaz.

BERRIA.
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Maria Teresa Dominguez Espainiako Foro Nuklearreko lehendakariak dio ez dela energia nuklearraren inguruan eztabaidatzeko momentua. Ez al da hau momenturik egokiena energia horren onurak eta arriskuak ondo eta sakon aztertzeko? Albaro

Nire ustez, edozein momentu da egokia edozein gairi buruz hitz egiteko. Eta energia nuklearrari buruz eztabaidatzeko momentu aproposa iruditzen zait, gaia pil-pilean baitago. Hori bai, erabakiak hartzeko momentua ez da, hori ziur. Oraindik arriskua egon badago, eta lehentasuna horrek du. Istripuaren benetako eragina kuantifikatzeko hilabete batzuk itxaron beharko dira, bertatik ondorioak atera eta, ondoren, erabakiak hartu. Nire ustez, ildo horretatik interpretatu behar dira Maria Teresaren hitzak.

Dominique Leglu fisikari nuklear eta kazetariak dio hondamendiak Txernobylgoa gainditu duela. Posible al da? Maria

Txernobylgoak eta Fukushimakoak ez dute zerikusirik. Erreaktoreen nukleoa urtu egin dela; horixe parekotasun bakarra. Txernobylen fisio-erreakzioa ez zen eten, Fukushiman bai. Txernobylen istripua ezkutatu nahi izan zuten; Fukushiman ez. Txernobylgoa gizakien trebetasun faltaren ondorioz gertatu zen; Fukushiman naturak jo du kolpe bortitza. Txernobylen ez ziren neurri egokiak hartu istripuaren ondoren; Fukushiman, lehen unetik.

Energia nuklearra egungo eta etorkizuneko energia izan daitekeela uste dut, baina Euskal Herria bezalako herri txiki batean, energia nuklearra erabiltzea merezi du? Martin

Galdera polita. Hori euskal herritarrok erabaki beharreko gaia da. Gure energia kontsumoa handia da, eta horrek justifikatu egiten du zentral nuklearren beharra, nahi izanez gero, jakina. Herri txikia gara, bai, baina gure zorionerako herri garatua eta, gainera, industria mailan ere goi mailakoa. Beraz, elektrizitatea kantitate handitan kontsumitzen dugu.

Europarrok paira al ditzakegu Fukushimako zentralaren hondamendiaren ondorioak? Iñigo Gonzalez

Egon lasai. Erreaktoreen egoerak txarrera egiten ez badu, Fukushiman gertatutakoak eragin zuzena izango du Fukushimako langileengan soilik. Langile horiek dosi altuak jasoko dituzte. Zentraletik urrundu ahala erradioaktibitate maila txikitu egiten da nabarmen. Elikagaiei dagokienez, kontrolak egingo dira etengabe.

Sarri entzuten dira nuklearren aurkako oihuak, baina benetan posible al da nuklearrik gabe funtzionatzea?Miguel Franco Goitia

Gure gizarteak gaur egun beharrezkoa du energia nuklearra. Pentsa Espainian estatuko elektrizitatearen %20 nuklearren bidez lortzen dela. Japonian, %30. Frantzian, %80!!! Iturri hori baztertuz gero, ordezko bat beharko genuke, eta egungo aukera bakarra erregai fosilak dira: gasa, petrolioa eta abar. Iturri berriztagarrien bidez lortzen den elektrizitate guztia sare elektrikoan sartzen da. Berriztagarriak garatzea ondo dago, baina ez dute gure energia eskaera asetzen. Beste aukera bat gure bizimodua eta bizi-kalitateari uko egitea da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.