Energia iturri berriztagarriak eta kogenerazioa darabilten planta berrientzako diru laguntzak izoztea erabaki du Espainiako Gobernuak. Jose Manuel Soria Espainiako Industria eta Energia ministroak eman zuen berria, atzo, eta behin-behinekoa izango dela zehaztu zuen. Dagoeneko martxan diren plantei eta zentralei ez die eragingo erabakiak; bai, ordea, berriei.
Soriak azaldu du energia tarifaren defizita ez handitzeko hartu duela gobernuak erabakia. Energia sorreragatik sortzen diren kostuak ez dituztela estaltzen azaldu ohi dute energia sortzaileek. Alegia, energiagatik ordaintzen denak ez dituela egiazko kostuak ordaintzen; egun, defizita 24.000 milioi eurokoa dela diote produktoreek, eta urtean 3.000 eta 4.000 milioi euro artean handitzen dela. Berriztagarrientzako diru laguntzak izoztuta, tarifaren defizitak handitzen ez jarraitzea nahi du ministerioak.
Hala ere, ministroak ziurtatu du energia berriztagarrien aldeko konpromiso sendoa duela gobernuak. 2020rako Europak ezarriak dituen helburuak —tartean, energia guztiaren %20k iturri berriztagarria izatea— betetzeko moduan izango dela ere ziurtatu du. Baina ekonomia eta finantza «egoera konplexuak» bultzatu du gobernua erabakia hartzera, Soriaren hitzetan. Sistema elektrikoa guztiz berrantolatu behar dela ere erantsi du; eta berrantolaketari ekin arte iraungo duela erabakiak.
Aurten, 7.220 milioi euro
Energia iturri berriztagarriak darabiltzaten plantek —eguzki energia, eolikoa—eta biomasan eta kogenerazioaren erabileran oinarritzen direnek diru laguntzak jasotzen dituzte, haien erabilera sustatzeko neurri gisa. Espainiako Gobernuak banatzen ditu laguntza horiek. Aurten, esaterako, 7.220 milioi euro partituko ditu; diru laguntzen %71 energia eolikoarentzat eta eguzki energiarentzat izango dira; gainerakoa, hondakinak edo biomasa eta kogenerazioa darabiltenentzat —zementu enpresak, papergintzakoak eta abarrek labeetan biomasa eta bestelako erregaiak erretzeari esaten zaio kogenerazioa—.
Erregistroan izena emanda, baina oraindik onartu gabe zeuden proiektu berriek, atzera egitea erabakitzen badute, jarritako abalak berreskuratuko dituzte.
Berriztagarrientzako laguntzak izoztu ditu Espainiak
Kogenerazioan, eguzki eta haize energian eta biomasan oinarritutako proiektu berriei eragingo die neurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu