Esana zuen Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «derrigortuta» bakarrik aplikatuko zituela Espainiako Gobernuaren murrizketak; «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gure dekretua behin-behinean bertan behera utzi, eta behartzen bagaitu baino ez ditugu ezarriko neurriak». Bada, horixe bera gertatu da: sendagaien doakotasunari eusteko Jaurlaritzak onartutako dekretuaren aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegitea tramiterako onartu du Konstituzionalak. Erabakiak baliorik gabe utzi du Bengoaren araua, eta, ondorioz, botikak berrordaindu beharko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erabiltzaileek. Noiz hasi aztertzen ari dira orain Lakuan, baina Lehendakaritzak berretsi du sendagaiak pagatzeak herritarrei eragingo dien gastua konpentsatzeko neurriak aztertuko dituela.
Botikak errentaren arabera ordaintzeko agindu zuen Espainiako Osasun Ministerioak apirilean, eta uztailean jarri zuten martxan, besteak beste, Nafarroan. Guztira bost taldetan sailkatu dituzte herritarrak, eta errezetek goiko aldean eskuinean adierazten dute sendagaiaren prezioaren zein portzentaje jarri behar duten erabiltzaileek. Hala, erretiroa hartutakoek %10 ordaindu behar dute orain, eta langile aktiboek, %50 ( orain arte %40 pagatzen zuten), urtean 18.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenek izan ezik; 100.000 eurotik gorako soldata edo pentsioa dutenek %60 ordaindu behar dute.
Horixe saihestu nahi izan zuen Bengoaren sailak ekainean. Dekretu bidez, «doako osasun sistema unibertsala bermatu», eta botiken doakotasuna «krisia pairatzen ari diren sektoreetara» zabaldu zuen. Hala, Espainiako Gobernuaren berrordainketa sistema Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez zen aplikatu hil hasieran, eta, haserre, Mariano Raxoiren exekutiboak dekretuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen egun gutxira, testuak estatuaren eskumenak urratzen zituela argudiatuta. Errekurtsoa onartzeak berez ekarri du Jaurlaritzaren dekretuaren aplikazioa gelditzea.
Auzitegi Konstituzionalak bost hilabete izango ditu arrazoia batari edo besteari emateko. Eskumenei buruzko eztabaida izango dute epaileek mahai gainean. Espainiako Gobernuak Estatu Kontseiluaren txostena du alde; horren arabera, «arau autonomikoak estatuaren oinarrizko araua hautsi» egin du. Idatziak nabarmendu du Madrilgo gobernuari «soilik» dagokiola Espainiako Osasun Sistemaren finantzaketa definitzea. Gainera, Bengoaren dekretua estatuko legediarekin «bateraezina» dela esan du, paperik gabeko etorkinei osasun txartela kentzea saihesteko asmoa duen aldetik; zehazki, osasun sariak jasotzeko eskubidea arautzeko eskumenik ez dute autonomia erkidegoek, Estatu Kontseiluaren irizpenak dioenez.
1988ko dekretua oinarri
Patxi Lopezen gobernua ez dator bat horrekin. Dekretuaren berri eman zuenean Bengoak berak ziurtatu zuen «Jaurlaritzak neurri horiek hartzeko eskumena» bazuela. Ildo beretik mintzatu ziren atzo Osasun Saileko prentsa bulegokoek: «Lege berme nahikoa dauka dekretuak». Prozedura judizialaren barruko tramite «automatiko» gisa ulertu dute dekretua behin-behinean baliogabetu izana, baina sinetsita daude auzitegiak «autonomia erkidegoaren alde» egingo duela.
Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak araudi propioan dauka onartuta osasun arretaren unibertsaltasuna, 1988ko dekretu baten bidez; Bengoak behin baino gehiagotan aipatu izan du testu hartan oinarritu zela Madrilgo gobernua Espainian ere antzeko printzipioa ezartzeko. Dekretuak osasun arretarako eskubidea eman zien, besteak beste, baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei, «edozein dela beren jatorria», edota «gizarte segurantzak babestuta ez daudenei», «aukera berdintasunean». Dekretu haren aurkako helegiterik ez du inoiz jarri Espainiako Gobernuak.
Edonola ere, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondorioak aztertzeko bilera egin zuen atzo arratsaldean Lopez lehendakariak Osasun eta Gizarte Gaietako sailetako arduradunekin. Ohar baten bidez jakinarazi zutenez, «botikak agintzeko eta banatzeko Osakidetzak daukan sistema prest dagoenean» hasiko dira berrordainketa aplikatzen.
Jaurlaritzaren helegitea, aurki
Baina ez da Raxoiren gobernua Konstituzionalera jotzen bakarra izango. Jaurlaritzak berak maiatzean iragarri zuen helegitea jarriko ziela hezkuntzaren eta osasunaren arloetan Madrildik heldutako mozketei, hain justu, Jaurlaritzaren eskumenak urratzeagatik. «Murrizketek ez dute Konstituzioa errespetatzen, ez dutelako eskumenen esleipena errespetatzen», baieztatu zuen Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak duela bi hilabete eta erdi egindako agerraldi batean. Errekurtsoa ez dute oraindik aurkeztu, aurretik bi aldeak biltzera behartzen baititu prozedurak, baina Osasun Sailak esan du«aurki» izango dutela helegitea prest.
Ikusteko dago, era berean, Jaurlaritzak neurririk hartzen duen sendagai batzuk osorik ordaintzeko aginduaren kontra. Osasun Ministerioak finantzaketa kenduko die 425 botikari abuztutik aurrera. Eritasun «arinetarako» botikak direla eta, neurriak gorabehera berezirik eragingo ez duelakoan justifikatu zuen aldaketa gobernuak ekain amaieran. Baina Bengoak gogora ekarri zuen gaixo kronikoek sendagai horiek hartzen dituztela. «Adineko pertsona askoren bizi-kalitatea botika soilen mende dago». Espainiako Gobernuak emandako sendagaien zerrenda aztertzekotan geratu zen orduan sailburua, «ea zorroztasun zientifikorik duen».
Osasuna. Botiken berrordainketa
Berrordainketa ezartzera behartu du Konstituzionalak Jaurlaritza
Botiken doakotasunari eusteko dekretuaren kontra Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du auzitegiakLehendakaritzak berretsi du herritarren gastua nola konpentsatu aztertuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu