Bertsolarien aurkako auziak bide «arriskutsua» irekiko duela salatu dute

Josu Ormaetxeak eta Oihane Pereak gaur deklaratuko dute Madrilen, terrorismoa goratzea egotzita

Hainbat lagun agertu ziren atzo prentsaurrekoan, bertsolariekin elkartasunean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Terrorismoa goraipatzea leporatuta, Oihane Perea eta Josu Ormaetxea Gasteizko bertsolariak deklaratzera deitu ditu gaurko Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hainbat bertsolari, bertsozale, kultur eragile eta herritarrentzat, bertsolarien jardunaren eta bertsolaritzaren aurkako «erasoa» da, eta bide «arriskutsua» zabaltzen du. Gasteizen agerraldia egin duten dozenaka lagunek,Gasteizko Blusen eta Nesken batzordeko kideek eta Etxerat-ek egoera «oso larria» dela iritzi diote, eta kezkatuta agertu dira. Oinarrizko eskubideen urraketa ez ezik, presoekiko elkartasuna kriminalizatzeko saioa ere badela salatu dute.

Joan den urteko Santiago egunean, Blusa eta Neska batzordeak presoen alde urtero antolatzen duen ekitaldian delitu zantzuak ikusi ditu Auzitegi Nazionalak. Ekitaldi horretara, Perea eta Ormaetxea joan ziren bertsotan aritzeko, eta saioaren une batean hainbat presoren izenak irakurri zituzten haien senideak oholtza gainera igo zitezen. Auzitegi Nazionalak uste du terrorismoa goratu zutela hori eginda, eta horregatik deitu ditu deklaratzera.

Agerraldian egon direnek argitu dute baimendutako ekitaldia zela, eta bertsolari gisa joan zirela ekitaldira Perea eta Ormaetxea. Ekitaldiak Gasteizko Udalaren eta Herrizaingo Sailaren baimena bazuen ere, Ertzaintza bertan egon zela eta hiru lagun identifikatu zituela gogorarazi dute. Hortaz, bertso jardun askea «oztopatu» nahi dela salatu dute.

Pereari eta Ormaetxeari elkartasuna adierazteko, hainbat bertsozale eta kultur eragilek autobusak antolatu dituzte gaur Madrilera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.