Hiru eguneko etenaldiaren ondotik, positiboen kopuruak berriz gainditu du milakoa Hegoaldean. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argitara ateratako informazioaren arabera, atzo 15.057 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta horien %6,8k eman dute positibo: 1.022 kasu zenbatu dira, alegia. Horietako 405 Bizkaikoak dira, 356 Gipuzkoan atzeman dituzte; Nafarroan 156 izan dira, eta Araban, 98.
Bestalde, ospitaleen egoerari dagokionez, atzo erregistratutako datuak eman ditu osasun agintariek: 118 lagun erietxeratu zituzten gaitzagatik, eta, horiek kontuan izanik, guztira 913 dira Hegoaldeko zentroetan ospitaleraturik. Zehazki, 688 gela arruntetan daude; ZIUetan, 225.
Gainera, gaitzarekin loturiko beste bi heriotzaren berri eman du Nafarroako Gobernak: 69 eta 73 urteko bi emakumezko zendu dira birusarekin.