Kutsatuen kurba apaldu ezinean da Hegoaldean. Hirugarren egunez, Osakidetzak eta Osasunbideak mila kasu baino gehiago atzeman dituzte egun bakarrean, eta pandemiaren bilakaerak gero eta ilunagoa dirudi, birusaren transmisioari buruzko datuei dagokienez. Zehazki, atzo 12.824 proba egin ziren koronabirusa detektatzeko, eta test horien guztien %8,7k eman zuten positibo: 1.119k. Horietako 413 Bizkaikoak dira; Osakidetzak 389 kasu zenbatu ditu Gipuzkoan, eta 101 positibo izan dira Araban. Nafarroan, Osasunbideak 203 kasu detektatu ditu ostegunean, gobernuak emandako datuen arabera.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ospitaleen egoerari buruzko datuak eman dituzte: Osakidetzak eta Osasunbideak 74 pertsona erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, guztira 566 lagun daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 173 dira, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Unitate horiei dagokienez, otsailaren 19tik aitzina izandako daturik makurrena da Hegoaldeko osasun agintariek gaur argitaratutakoa.
Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi du atzo hiru pertsona zendu zirela koronabirusak jota. Zehazki, 78 eta 85 urteko bi emakumezko eta 81 urteko gizonezko bat dira hildakoak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, astean behin ematen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatutako heriotzen berri. Apirilaren 5etik 11ra arteko astean COVID-19arekin eri ziren 52 lagun hil ziren Hego Euskal Herrian.
Agerraldia Bilboko Gazteluondon
Bizkaiko Aldundiak emandako datuen arabera, oraintxe bertan guztira zazpi kutsatu dira Bizkaiko zahar etxeetako erabiltzaileen artean. Jakinarazi dutenez, koronabirusaren agerraldi bat atzeman dute Bilboko Gazteluondo egoitzan: sei kutsatu zenbatu dituzte. Horietako lauk dagoeneko hartua zuten COVID-19aren kontrako txertoa; beste biek, berriz, uko egin zioten hura hartzeari.