Behera eta behera. Birusaren transmisioari buruzko aldagaiek aski argi erakusten dute kutsatzearen arintzea, eta, hain zuzen ere, aspaldi izandako daturik apalenaren berri eman dute Hegoaldeko osasun agintariek: atzo 119 kasu zenbatu ziren Hego Euskal Herrian. Zehazki, joan den urteko uztailaren 16an zenbatu zen langa horretatik behitiko kopurua azken aldiz, izurriaren bigarren olatuak gorako bidea hartu berritan, alegia. Lurraldeka, Bizkaian, 70 kasu detektatu dira; Nafarroan, 21; Gipuzkoan, 14, eta Araban, 12.
Hala eta guztiz ere, aipatzekoa da Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a detektatzeko test kopuruak izandako beherakada. Ohi denez, astegunetan baino diagnostiko proba gutxiago egin dira iragan asteburuan: atzo 4.828 egin ziren. Azken hamalau egunetako datuei so, aldea nabarmen handia da, azken bi asteetan eguneko 8.000 proba inguru egin baitira batezbesteko. Edonola ere, positiboen portzentajean bistakoa da bilakaera onbidean dela: atzoko testen %3k eman zuten positibo.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 17 lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagoturik, eta, horiek aintzat hartuta, guztira 146 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan sartuta gaitzarekin. Horietako 60 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.