Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 5.547 diagnostiko proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 171 positibo zenbatu zituzten horietan. Lurraldeka, Bizkaian, 77 izan ziren; Gipuzkoan, 56; Nafarroan, 29, eta Araban, 7. Halaber, azken bi asteetako datuei so, eguneko 211 kutsatu izan dira Hego Euskal Herrian. Atzera begirakoa egin, eta aise ikus daiteke kutsatzeek azken hilabeteotan izandako beherakada: izan ere, batezbestekoa 390 zen orain dela hilabete.
Atzo egindako probak eta horien emaitzak oinarri, positiboen portzentajea %3 izan zen Hegoaldean. Zehazki, Osakidetzak egindakoen %2,9 izan dira positiboak; Nafarroan, berriz, ehunekoa handiagoa da: %4. Edonola ere, aldagaia bi osasun sistemetan da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gehienezko mugatzat ezarria duena baino apalagoa (%5).
Gainera, Osakidetzak eta Osasunbideak hamabi pertsona sartu zituzten erietxera COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat hartuta, guztira 104 dira Hegoaldeko zentroetan. Horietako 42 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude; 62, berriz, gela arruntetan.