Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 8.209 diagnostiko proba egin ziren Hego Euskal Herrian COVID-19a detektatzeko; horien %2,6k eman dute positibo, hau da, 216 kutsatu zenbatu dituzte. Azken bi asteotako bilakaerari so, Hegoaldean eguneko 213 positibo atzeman dira batezbesteko. Hain zuzen, aldagai hori beheranzko joeran da ekain hasieratik.
Lurraldeka, Bizkaian, 102 kasu detektatu dira; Gipuzkoan, 52; Nafarroan, 41, eta Araban, 18. Halaber, egun bakoitzean egindako testek utzitako datuetan ez ezik, intzidentzia tasa metatuetan ere bistakoa da kutsatzearen arintzea. Gaur egun, Hegoaldean, tasa lau lurraldeetan da 120 baino txikiagoa. Bizkaian da handiena (118), eta Araba du atzetik: 110. Halaber, Nafarroan 100.000 biztanleko 98 pertsonari atzeman diete birusa azken hamalau egunetan; Gipuzkoan, 80ri.