Gorabehera handirik gabe baina bide ona hartuta ari da pandemiaren bilakaera Hego Euskal Herrian. Kutsatzeen datuei so, asteak dira atzemandako kasu kopuruetan ez dela aparteko oldarraldirik, eta, amiltzerik ere ez den arren, intzidentzia apaltzen ari da pixkanaka. Atzo egindako zenbatekei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute 5.240 diagnostiko proba egin zirela COVID-19a detektatzeko Hego Euskal Herrian, eta, emandako datuen arabera, 218 kutsatu zenbatu zituzten horietan. Positiboen ehunekoa %4,2 izan zen, beraz.
Azken asteotako joerari eutsita, Hegoaldeko herrialdeen artean Bizkaian atzeman zen kasu gehien ostiralean: 106 izan ziren. Halaber, Gipuzkoan 48 kutsatu detektatu zituzten; Araban, 40, eta Nafarroan, berriz, 22 zenbatu zituzten atzo. Herrialde horien guztien artetik, aipatzekoa da egun bakarrean detektatutako kasu kopuruak Araban izandako gorakada; osasun agintariek gaur jakinarazitako zenbatekoa aurreko egunekoaren bikoitza da.
Begirada egunetik egunera argitaratutako datuetatik aldenduz gero, aise sumatu daiteke transmisioaren leuntze motel baina etenik gabea. Batik bat, intzidentzia tasa metatuek argiki erakusten dute hori, izan ere, gaur egun tasa 150etik beherakoa da Hegoaldeko herrialde guztietan. Gipuzkoan da handiena: 100.000 biztanleko 139 kutsatu zenbatu dira azken hamalau egunetan. Bizkaian 133 da tasa, eta Araban 114. Bestalde, aipatzekoa da Nafarroak erdietsitakoa: 100ndik beherako tasa du, 99 da.
Erietxeetan, egonkor
Ospitaleetako okupazioari buruzko informazioa ere eguneratu dute Osakidetzak eta Osasunbideak: jakinarazi dutenez, ostiralean 31 pertsona sartu zituzten erietxeetara birusak jota. Halaber, zehaztu dute oraintxe bertan 67 lagun direla ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan sartuta, larri. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, birusarekin eri zen emakumezko bat zendu da herrialdean. 91 urte zituen.