Atzo, Osakidetzak eta Osasunbideak 9.141 diagnostiko proba egin zituzten guztira COVID-19a detektatzeko. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, horien %2,6k eman zuten positibo: 236 kutsatu atzeman dituzte, alegia. Horien ia erdiak Bizkaian zenbatu dituzte: 115 kasu detektatu dira lurralde horretan. Halaber, Nafarroan 46 kasu izan dira; Gipuzkoan, 38, eta Araban, berriz, 28.
Gainera, azken datuen arabera, birusaren intzidentzia tasa metatuek erakusten dute pandemiaren bilakaera onbidean dela: gaur egun, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen tasak 150etik beherakoak dira. Zehazki, Bizkaian 100.000 biztanleko 145 laguni atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan; Araban, 129ri; Gipuzkoan, 127ri. Hegoaldean, Nafarroak du tasarik apalena: 108 da.
Erietxeak, husten
Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 11 pertsona erietxeratu zituzten gaitzarengatik; horietako bat Nafarroan ospitaleratu zuten, eta, foru gobernuak zehaztu duenez, ZIUetara sartu zuten zuzenean. Erietxeratze horiek aintzat harturik, guztira 152 lagun daude Hegoaldeko zentroetan. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 62 dira, larri.