Kutsatuen kurbak maldan behera segitzen du Hego Euskal Herrian. Izurriaren bosgarren olatu deiturikoa indarra galtzen ari da, argiki; hala erakusten dute transmisioari loturiko aldagaietako datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako informazioaren arabera, atzo 366 positibo detektatu ziren Hegoaldean. 4.328 proba egin ziren gaitza atzemateko, eta, beraz, %8,5 izan zen positiboen portzentajea.
Zehazki, Bizkaian 148 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 98; Nafarroan, 70, eta Araban, berriz, 44. Halaber, aipatzekoa da intzidentzia tasa metatuak lau lurralde horietan izandako beherakada. Ostiraletik, tasa 400dik beherakoa da horietan guztietan, hau da, azken bi asteetan 400 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte 100.000 biztanleko.
Halaber, ospitaleei dagokienez, Hego Euskal Herriko osasun sistemek 32 lagun erietxeratu zituzten atzo gaitzarekin eri. Horiek kontuan izanda, oraintxe bertan guztira 379 lagun daude ospitaleratuta. Zehaztu dutenez, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 99 dira, larri. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat hil dela herrialdean.