Datuak

Beste 456 positibo atzeman dira Hegoaldean

Positiboen ehunekoa %4,4 izan da asteazkeneko testetan. Kutsatzeen beheranzko joera eteten ari da: Arabako eta Nafarroako intzidentzia tasek gora egin dute, hilabete batean lehen aldiz. Hegoaldeko ZIUetan 118 paziente dira.

Jendea maskara jantzirik, Iruñeko Karlos III. etorbidean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 27a
14:06
Entzun

Egun bakarrean atzemandako positiboak 400dik gora dira bigarren egunez; koska bat gorago da Hego Euskal Herriko kutsatuen kurba. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 456 kasu zenbatu dituzte, 10.387 diagnostiko proba eginda. Hala, atzoko testen %4,4k eman zuten positibo. 

Herrialdeka, Bizkaian 194 COVID-19 kasu detektatu dituzte; Gipuzkoan, 117; Nafarroan, 93, eta Araban, berriz, 46. Azken asteotako datuei so, aski argi ikus daiteke kutsatzeek lau herrialdeetan izandako beheranzko joera. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa metatuari dagokionez, joera eten egin da Araban eta Nafarroan; tasak handitu egin dira azken egunean, hil hasieratik aurreneko aldiz. Arabako tasa 124 da 100.000 biztanleko –bezperan, 118–. Nafarroan, aldea txikiagoa izan da: tasa 131 da; aurreko egunean, 130. 

Ospitaleak, onbidean

Transmisioan ez bezala, erietxeekin loturiko aldagai guztietan sumatu daiteke arintzea Hego Euskal Herrian. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe guztira 336 lagun daude gaitzarekin ospitaleraturik. Abuztuaren hondarretik, inoiz ez da erregistratu hain kopuru apalik. Zehazki, erietxeetan direnen 118 ZIU zainketa intentsiboetan daude; 218, gela arruntetan. Halaber, atzo 36 lagun ospitaleratu zituzten; horiek guztiak Araba, Bizkai, edo Gipuzkoan erietxeratu zituzten. Nafarroan ez zen izan erietxeratzerik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.