Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Hegoaldeko osasun sistemek 6.978 diagnostiko proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 631 kutsatu zenbatu dituzten horietan. Ondorioz, positiboak %9 izan ziren. Datuek agerian uzten dute pandemiaren bilakaerak beheranzko joera hartua duela Hego Euskal Herrian. Kutsatuen kurbak maldan behera segitzen du.
Lurraldez lurralde, osasun sistemek Bizkaian atzeman zuten kasu positibo gehien, berriz ere: 289 detektatu zituzten. Gipuzkoan 163 kasu izan ziren; Nafarroan 92, eta Araban 73. Horietatik, Nafarroako datua bereziki aipagarria da: Osasunbideak egindako testen %6,4k eman dute positibo. Osakidetzak egindako testak oinarri izanda kalkulatutako ehunekoa, berriz, aski handiagoa da: %9,7.
Ospitaleei dagokienez, Hegoaldeko osasun sistemek beste 42 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota. Azken datuen arabera, oraintxe bertan 228 lagun daude zentroetako gela arruntetan sartuta; ZIUetan, berriz, 103 dira birusarekin eri.
Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du gaitzarekin eri ziren hiru pertsona zendu direla herrialdean: 62, 83 eta 88 urteko hiru herritar.