Joan den astetik, Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuek gero eta garbiago erakusten dute transmisioaren bilakaera okertzen ari dela. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak beste langa bat gainditu du: Osakidetzak eta Osasunbideak 600dik gora positibo detektatu dituzte ostiralean. Zehazki, 9.861 test egin dira COVID-19a atzemateko, eta 650 pertsonari detektatu diote birusa. Beraz, %6,6 izan da positiboen ehunekoa Hego Euskal Herrian.
Datuek agerian utzi dutenez, birusa Hegoaldeko lau lurraldeetan ari da harrotzen. Atzoko testetan Gipuzkoan atzeman zuten positibo gehien: 248 izan ziren. Halaber, Bizkaian 193 kutsatu zenbatu zituzten; Nafarroan, 152, eta Araban, berriz, 51. Edonola ere, bereziki aipatzekoa da Nafarroaren egoera: Osasunbideak 1.444 diagnostiko proba egin zituen ostiralean, eta, horiek oinarri, %10,5 izan zen positiboen portzentajea. Aldiz, Osakidetzak egindako testen %5,9k eman zuten positibo. Aldea nabarmena da, hortaz. Halere, ehunekoa bi osasun sistemetan da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako gehienezko mugatik urrun (%5).
Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du oraingoz 168 positibo zenbatu dituztela berriki Saloun (Tarragona, Herrialde Katalanak) izandako gazteen artean COVID-19 kasu gehiago dagoen jakiteko egiten ari diren baheketan.
Bestalde, ospitaleei dagokienez, atzo bederatzi lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Gainera, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, 39 lagun dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan gaitzak jota.