Hego Euskal Herriko kutsatuen kurba koska bat gorago da, berriz ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 11.259 test egin ziren COVID-19a atzemateko, eta horien %8,7 izan ziren positiboak: 978, alegia. Hain justu, apirilaren 29tik erregistratu den kutsatu kopururik handiena da hori. Egunek aurrera egin ahala, gero eta harrotuago da gaitza. Zehazki, Bizkaian 314 kasu izan dira; Nafarroan, 275; Gipuzkoan, 216, eta Araban, berriz, 92.
Kutsatzeei buruzko datuak aski ilunak izanik ere, Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuek erakusten dute ospitaleen okupazioak egonkor segitzen duela oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo 30 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzarekin eri, eta, horiek aintzat harturik, guztira 121 paziente dira Hego Euskal Herriko zentroetan sartuta. Horietako 38 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri. Bezperako datuen aldean, gorakada izan da unitate horietan, aurreko egunean 34 baitziren erietxeraturik.